martes, 10 de mayo de 2011

PAPER-ZORROA

Joseba Olagarai da nire izena. Kazetaritzan lizentziatua, Haur Hezkuntza ikasten hasi nintzen duela hiru urte. Gustatzen zait hezkuntza-mundua eta gustuko ditut haurrak. Hezkuntza ez-formalean urte frankoz egin dut lan eta eskola-mundua barrenetik ezagutzeko, HH ikasten hasi nintzen.

Konturatu orduko pasatu zaizkit hiru urte. Fakultateko ikasketek ez naute erabat bete. Hala ere, lanerako formula dexente eta hausnarketarako pista franko jaso ditut.

Blog honetan Josemi Correaren ikasgaiko lanak bildu ditut. Talde-lanean aritu gara: Nerea Ugarte, Maier Irazusta, Iker Urkiola, Jexux Buldain, Ander Errasti eta ni, Joseba Olagarai. Hala ere, bakoitzak bere bloga egin dugu.

Jarraian ikasgaiaren laburpen gisako bat eginen dut.

Joan den martxoan hasi ginen. Hasiera ez zen erraza izan. Ikasgai "atipiko" samarra denez, martxa hartzea dexente kostatu zitzaigun.

Hasteko, hainbat ikastetxetako IKTen konparaketa egin genuen. Lan mardula izan zen. Praktiketan egon ginen ikastetxeetara bisita egin genuen (aunitz gustatu zitzaidan Langile Ikastolara bueltatzea!), informazio jaso, guztia elkartu, osatu eta lan txukuna osatu genuen. Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan, Legazpiko Domingo Agirren, Leitzako Erletan, Orioko Herri Ikastolan eta Hernaniko Langile Ikastolan burutu genuen lana. Eneritz Mitxelena oiartzuarrak gurekin parte hartu zuen lan honetan.

Bat eta huts.

Hurrengo lana manifestua egitea izan zen. Ikaragarri gozatu nuen lan honekin. Hiru ikasturte hauetan unibertsitatean irakatsi digutenarekin eta ikasi dugunarekin hausnarketa kritikoa egin genuen. Gauza aunitz ateri ziren. Ander Errasti eta Nerea Ugarterekin egin nuen lana. Primeran moldatu ginen. Aunitz ezagutzen dugu elkar eta hagitz gustura egin genuen lan. Lan mardula ta osatua sortu genuen. Irakaskuntzaz, irakasle idealaz, guk sinesten dugun heziketaz... hezkuntzarekin lotura duen edozeini interesatu dakiokeen lana egin genuen.

Bi eta huts.

Hurrengo lana: murala. Gozamena izan zen. Orion elkartu ginen taldekideak argazki-sesio bat egiteko. Sekulako argazki-estudioa prestatu genuen Beñat Solaberrieta klasekidearen laguntzaz. Irudi baten bidez egin genuen murala. Ideia aunitz adierazi genituen eta hormairudi originala egin genuen. Hagitz ongi pasatu genuen argazkiak ateratzen. Mozorrotu ginen, elkar margotu, irri egin... gozamen hutsa izan zen.

Lan hauek guztiak egiten ari ginen bitartean, Josemi Correa irakasleak jarraipena hurbiletik egin zigun eta tutoretzen bidez, bide onetik gindoazela ziurtatzen zigun. Aunitz animatzen gintuen eta bulkada garrantzitsuak ematen zizkigun antzinera segitzeko.

Ikasgaiaren azkeneko txanpan, klaseko aurkezpena prestatu genuen, ordura arte egindakoa hitzaldi motz batean laburbiltzeko asmoz. PREZI programaren bidez bideo-emanaldi berezia sortu genuen. Lan mardula eta txukuna. Nerea Ugarte izan zen klasekideen antzinean aurkezpena egiteaz arduratu zena eta hagitz ongi egin zuen. Zorionak! Ordezkari bikaina izan zinen!

Talde-lana eta giroa ezinhobeak zirenez, bideoarekin ez aski eta, abesti bat ere grabatu genuen. Pirritx eta Porrotxen "irrien lagunak" abesti ezagunaren bertsio bat eginez, "Ziski eta Diskiren lagunak" abestia eta bideoklipa asmatu genituen. Zoramen hutsa izan zen eta lan zoragarria.

Orain Lugaritz Kultur Aretoan dago erakusketa ikusgai. Animatu eta bisitatu!

Ikasgai honetatik gauza franko nabarmenduko nituzke. Alde batetik, talde-lanean hagitz gustura aritu garela. Ekipo ona osatu dugu eta erraz egin ditugu lanak. Gozamena izan da. Bertzalde, hausnarketarako aukera haundiak eskaini dizkigu eta aunitz gustatu zait, hiru urtez ikasi duguna laburbiltzeko modu ezinhobea izan baita. Irakaslearen rola hagitz ona izan da, ondoan egon da beti eta behar izan dugunetan aunitz lagundu digu.

Balorazioa, bikain.

Lugaritzeko erakusketa


Ikasgai honetan egin ditugun lan guztiekin Lugaritz Kultur Aretoan erakusketa paratu dugu.

Interesgarria, desberdina eta koloretsua da. Erakusketaren aurkezpen gisa, Estitxu Aberasturi irakaslearen hitzak bildu ditut:

Narratibak Hezkuntzan:

Hezkuntzari so egiten dion begirada berpentsatzearren, Lugaritz Kultur Etxean, ikus eta arte istorio batzuen erakusketa aurkezten da maiatza osoan zehar. Proiektu honek, irakaslearen prestakuntzan garatzen ari den lana eta bere hedapena beste esparru batzuekin lotzen ditu.

Erakusketaren abiapuntua ikaskuntza-irakaskuntza eszenatokiak zabaltzea da, unibertsitatea eta komunitatearen arteko kolaborazioaren bidez bisitariari ikaskuntzarako beste alternatibak imajinatzeko aukera eskainiz.

Donostiako Magisteritza Eskolatik eta etorkizuneko irakasleen formatzaile bezala, hezkuntza konpromiso sozial bezala ulertzen dugu. Konpromiso honek zabaltzera behartzen gaitu eta aldi berean besteak gugana hurbiltzea. Unibertsitatean hezten dugu, bai, baina unibertsitatea esperimentazio zentru bezala ulertuz.

Egitaraua:

Maiatzak 5 (osteguna): 16:00-19:00, Jardunaldi-ilustrazio tailerra. Myriam Cameros Sierra, “La cenicienta que no quería comer perdices”. Bete arte. Donostiako Magisteritza Eskolako (EHU/UPV) 0.4 gelan.

Maiatzak 5 (osteguna): 19:30tan erakusketaren inaugurazioa. Lugaritz Kultur Etxea, Antigua Auzoa, Donostia.

Maiatzak 20 (ostirala): 10:00-12:30. Haurrentzako tailerrak: Musika eta plastika. Donostiako Magisteritza Eskolako ikasleak (EHU/UPV) - auzoko Ikastetxeak. Erakusketa aretoan.

Maiatzak 27 (ostirala): 18:00-20:00. MercaTRUKE: Zer eskaintzen didazu eta zer eraman nahi duzu? Erakusketa aretoan.

Murala

Mural A

Manifestua

Hementxe duzue Nereak, Anderrek eta nik egin dugun manifestua.

Manifestua_lana_2011

jueves, 5 de mayo de 2011

Klaseko aurkezpena

martes, 3 de mayo de 2011

Balorazioa, bikain

Gaur Josemirekin tutoretza izan dugu. Ikasgai honetan nola sentitu garen galdetu digu, zer gustatu zaigun eta zer aldatuko genukeen, zerbait soberan ikusi dugun edota proposamen berririk bagenuen... solasaldi interesgarria izan da.

Guk gure buruari kalifikazioa paratzeko eskatu digu eta taldekide guztiak ados ginen "BIKAIN" dela lortu dugun nota. Inplikatu gara, gozatu dugu, ordu pila bat sartu dugu, hausnartu dugu, eztabaidatu dugu, IKTak erabiltzen ikasi dugu, elkarlanean jardun dugu, lan indibiduala zein taldekoa txukun egin dugu, klase orduetatik kanpo kasik egunero gelditu gara unibertsitatean ikasgai honetako lanak egiteko, gustatu zaigu egindako lana, emaitza orijinala eta ona lortu dugu eta, batez ere, ikaragarri ongi pasatu dugu.

Pertsonalki ez zait ikasgai honen kalifikazioa inporta. Bidean gozatzea izan da inportanteena. Programa berriak erabiltzen ikasi dut, bloga nire eguneroko bihurtu dut, klasekideekin harremana oraindik gehiago hobetu dut, momentu onak pasatu ditugu, irri egin dugu... ezin dut gehiago eskatu!

Ander eta Nerearekin hagitz ongi konpondu naiz, bai manifestua egiten, bai bertzelako lanetan. Gainontzekoekin ere, talde haundian, primeran moldatu naiz, Ikerrekin, Jexuxekin, Maierrekin, Eneritzekin.... Hiru urte dira elkar ezagutzen dugula eta nabaritzen da.

Lan aunitz egin dugu eta ongi. Karrerari akabila borobila emateko modurik hoberena izan da.

Gustatu zait hiru urte hauetan ikasi dugun guztiarekin hausnarketa egitea eta gogoetak manifestuan eta muralean modu artistikoan irudikatzea. Sormen lanak beti interes haundia piztu didate eta ikasgai honek aunitz ase nau zentzu horretan. Josemik bide irekia utzi digu hasieratik, gainean egon da behar genueenan laguntza eskainiz, baina gure esku utzi du lanaren antolamendua. Aunitz gustatu zait hori. Irakasle gisa hagitz rol ona jokatu du.

Eta orain erakusketa!

Dagoeneko montatu dute, Lugaritzen. Oraindik ez dut ikusteko aukerarik izan eta gogo haundia dut. Gainera, Estitxuk erran dit nire lehengo urteko plastikako bideoa hor paratuko duela.

Ilusio berezia egiten dit horrek, lan hura hagitz berezia izan zelako niretzat.

Balorazio ezinhobea egiten diot ikasgaiari. Gauza berri aunitz ikasi ditut eta modu entretenigarrian pasatu ditugu azken hilabeteak. Ezin gehiago eskatu!

Iker, Jexux, Nerea, Maier eta Ander, pazerra izan da zuekin lan egitea!

AUPA GOMETXEROAK!

Ziski eta Diskiren lagunak gara gu!

Pirritxek eta Porrotxek irrien lagunak direla erraten dute...


...ba gu Ziski eta Diskiren lagunak gara!

"Irrien lagunak" abesti ezaguna hartuta, gure bertsioa sortu dugu. Bideoklipa eta guzti egin dugu!

Egun aldrebesa baldin baduzu eta aurpegia alaitu nahi baduzu, hauxe da zure aukera!

Umore handiko abestia aditu eta ikusiko duzu.

Egin klik hemen azpian eta gozatu!

ZISKI ETA DISKIREN LAGUNAK GARA GU!