jueves, 7 de abril de 2011

Hezkuntzaren helburua, zoriontsu izatea


Akabatu dugu manifestua. Azkeneko formatu-detaileak ematea falta zaigu baina mamia egina dago. Kasik 70 orrialdeko manifestua idatzi dugu, inprimituta 20 bat orrialde geldituko dena.

Hezkuntzaren eta irakasle nortasunaren inguruko hausnarketa sakona egin dugu.

-Zer nolako umeak hazi nahi ditugu?

-Nolako irakasleak behar ditugu horretako?

-Zergatik ez du funtzionatzen egungo hezkuntza-sistemak? Zeintzuk dira arazoak?

-Zein proposamen egin daiteke ikasleak hobeto hezteko? Zer da hobeto heztea?

Galdera horiek eta bertze aunitz erantzun ditugu manifestuan. Gogoetan eta esperientzia pertsonalean oinarritutako hausnarketak dira, irakurtzeko, pentsatzeko eta gozatzeko.

Nahi duzu aurrerapen ttiki bat?

Bertzeak bertze, gure ustez, hezkuntzaren helburua zein den erratera ausartu gara.

Badakizu zein den?

Zoriontsu izatea. Horixe bilatu behar dute gure ustez umeek ttiki-ttikitatik. Ez dugu konpetentzietan sinesten, zein baino zein hobeagoa izatean. Zoriontasun indibidualean sinesten dugu, ume bakoitzak bere burua ezagutu eta kontentu bizitzeko egin beharreko lan luzean. Horrela bakarrik izan dezake zentzua irakasleon lanak gure ustez.

Dantzatzea, abestea, margolanak sortzea, antzerkia egitea... haurrek balore garrantzitsuak ikasten dituzte langintza horietan eta bakoitzak bere burua ezagutzeko aukera ezinhobea izaten du. Taldekideekiko harremanak, beldur pertsonalak, blokeo emozionalak… guztiarekin aurrez aurre topo egiten dute eta aunitz ikasten dute horiei irtenbidea topatzeko bidean. Plazerarekin konektatzen dute eta hori hagitz garrantzitsua da gaur egungo eskolan, ematen duelako eskolak ez duela plazerarekin zerikusirik.

Eskola sakrifizioaren eta esfortzuaren topalekua da, zoritxarrez. Gure ustez eskola plazera da, gozamen hutsa. Lagunak egin, emozioekin esperimentatu, harremanak landu… zer gehiago eskatu daiteke! Helburu hori sentiarazi nahiko genieke haurrei egunero.


Manifestuaren zati ttiki bat bertzerik ez da. Lugaritzeko erakusketara gonbidatzen zaituztegu manifestua osorik ikusteko!

miércoles, 6 de abril de 2011

Pailazoak, dantzariak, mimoak...



Mural desberdina izanen da.

Originala

Deigarria

Dibertigarria

Sakona

Zer pentsatua emanen duena

Kritikoa

Eta horretarako hainbat pertsonaia erabiliko ditugu: mimoa, balleteko dantzaria, ikasle supergaitua, ikerlaria, pailazo irribartsua, etab.

Horiek guztiak eta gehiago izanen dira gure muraleko protagonistak.

Gaur zehaztu dugu nola egin. Sei lagunen artean eginen dugu: Iker Urkiola, Jexux Buldain, Nerea Ugarte, Ander Errasti, Joseba Olagarai... eta taldekide berri bat gehitu zaigu, Boliviatik etorri berri, Maier Irazusta.

Ongi etorri aspaldiko!

Orion borobilduko dugu egunotan egin dugun lana. Heldu den astearte goizean egin dugu hitzordua eta makineria guztia martxan dugu dagoeneko.

Fokoak, makilajea, arropak, kamara... guztia prest!

Hagitz motibatuta gaude eta lan polita eginen dugu. Ez dut gehiago aintzintuko. Hurrengo posteotan emanen dugu azalpen gehiago.

GORA
GOMETXEROAK!

martes, 5 de abril de 2011

Motibazioa eta talde-lana


Gogoz eta ilusioz, sekulako abiaduran ari gara lanean. Manifestuaren ideia joan den astean paratu genuen martxan eta ordu aunitzeko lanaren ondotik, lan erdiak egin ditugu dagoenekoz.

Nerea Ugarte, Ander Errasti eta hiruok ari gara lanean. Talde-lan ederra egiten ari gara. Giro onean, dedikazio haundiz eta hagitz motibatuta, manifestu mundiala osatu dugu, nahiz eta oraindik ez dugun akabatu.

Hitzak, hausnarketak, irudiak, komikiak, kolax-montajeak... hiru urte hauetan Unibertsitatean irakasle-identitateaz sortu zaizkigun gogoetak bilduko ditu gure manifestuak. Nolako hezkuntzan sinesten dugu? Nolakoa izan behar du irakasle idealak? Zein dira egungo hezkuntza-sistemaren akatsik handienak? Zergatik dago eskola-porrota?

Galdera horiek guztiak eta bertze aunitz erantzunen ditugu manifestuan.

Kasu praktikoak sartuko ditugu, gure praktika aldietan ikusi ditugunak. Ekarpen teorikoen inguruan ere idatzi dugu, Summerhilleko eskolaz, bertzeak bertze. Nolako irakasleak izan nahi dugun, egungo eskola-sisteman zer aldatu nahiko genukeen... hausnarketa sakonak eta zer pentsatu haundia ematen dutenak sartu ditugu manifestuan. Irakaskuntza ikuspuntu kritikotik aztertuko dugu, irakurleak gustura eta autokritika eginez irakurri dezan.

Itxura eta formatuari garrantzia haundia emanen diogu. Koloreetako orriekin eta diseinu originalarekin sortuko dugu manifestua.

Oraindik akabatu ez badugu ere, lan txukuna eginen dugun ziurtasuna dut. Gogoz eta motibatuta lan egiteak emaitza onak ematen ditu beti.


Tonucci komikigile ezagunaren irudiak erabiliko ditugu lanean, irakaskuntza ikuspuntu kritikotik baloratzen aunitz laguntzen dutelako. Orri honetakoak dira adibideetako batzuk.

jueves, 31 de marzo de 2011

Bat eta huts, baguzi antzinera!

Lixto!

Ailegatu gara helmugara.

Ederki kostata, baina akabatu dugu IKTen konparaketaren lana.

Lan txukuna ateri zaigu. Sei eskoletako IKTak konparatu ditugu; Leitzako Erleta eskolakoak, Orioko Ikastolakoak, Legazpiko Domingo Aguirrekoak, Oiartzungo Haurtzarokoak eta Hernaniko Langile Ikastolakoak. Taulak osatu ditugu, konparaketa zehatzak egin, ondorioak ateri, gure iritzia eman... uste baino lan mardulagoa eta osatuagoa egin dugu. Ez da erraxa izan baina merezi izan du. Emaitza hagitz ona da.

Bat eta huts.

Hurrengo lana manifestua da. Talde ttikitan banatuko gara, lana erraxago egite aldera. Jexuxek eta Ikerrek elkarrekin eginen dute manifestua eta Nereak, Anderrek eta nik osatuko dugu bertze taldea.

Hasteko, ideia-zaparrada egin dugu lana nola egin erabakitzeko. Egitasmo originalak ateri zaizkigu. Hiru urte hauetan Magisteritza Eskolan ikasi duguna modu desberdin batean adierazi nahi dugu. Solasaldi interesgarria izan dugu Nereak, Anderrek eta hiruok. Gauza aunitz izan ditugu hizpide eta ideia batzuk nabarmendu ditugu, manifestuan paratuko ditugunak, oraindik zehaztu ez dugun formatua erabiliz.

Bertzeak bertze guk sinesten dugun hezkuntza-sistemaren aldeko manifestua eginen dugu. Zer nola hazi eta hezi nahi ditugun umeak irakasle bezala aldarrikatuko dugu manifestuan. Hauexek izanen dira gure ideia nagusietako batzuk:

-Ikasle akademikoki superdotatuak sortzen ditugu eta emozionalki analfabetoak.

-Hezkuntzaren helburu nagusia zoriontsu izaten ikastea da. Hori bilatzen lagundu behar diegu haurrei ttiki-ttikitatik, bakoitzari bere moduan.

-Hezkuntzako irakaspen guztiak ikaslearen beraren kontzientziatik eginak izan behar dute. Hau da, ikasketak esanguratsua izan behar du.

-Denok dugu ezberdinak izateko eskubidea, eta aukeratzeko eta garatzeko aukera berberak izan behar ditugu.

-Irakastea ez da ezagutzak transferitzea, baizik eta ikasketa sortzeko edo eraikitzeko ahaltasunak sortzen jakitea.

-Irakasle eta ikasleak elkarrekin ikasi behar dute, irakatsi, kezkatu, emozionatu, eta elkarrekin egin behar diote aintzin eragozpenei. Irakasleak ere etengabeko ikaslea izan behar du.

Ideia batzuk bertzerik ez dira. Agian aldatuko ditugu, seguruik osatu ere bai... momentuz manifestura egin dugun lehenbiziko hurbilpena da. Oraindik formatuaren ideiarik ez dugu. Poliki-poliki joanen gara garatzen.

Klasera kasik egunero etortzea pentsatu dugu. Bihar ortzirala etorriko gara, astelehenetan ere bai... hagitz motibatuta gaude eta behar diren ordu guztiak sartuko ditugu lan txukuna egiteko.

Murala pentsatzen ere hasi gara. Hagitz ideia ona izan dugu baina momentuz ez dut horren inguruko deus idatziko. Sorpresa izanen da. Hori bai, batez ere irri eginen dugu!



martes, 29 de marzo de 2011

Erlojupeko lana hasi da!

3, 2, 1.. ya!

Josemik erran digunez, Aste Santua baino lehen egin behar ditugu manifestuak eta murala. Talde handia garenez, bitan banatuta eginen dugu lan hemendik antzinera. Bi manifestu eginen ditugu, talde ttiki bakoitzak bat, eta murala guztion artean egiten saiatuko gara (denboarik baldin badugu behinik behin).

Horretarako, astelehen goizetan ere klasera etorriko gara. Josemik ordutegia zabaltzeko aukera eskaini digu, ordenagailu-gela ikasgaiaz aparteko orduetan irekitzeko aukera emanez. Aprobetxatu eginen dugu eta astean hiru egunez etorriko gara klasera hemendik antzinera.

Lan haundia egin behar da. Erlojupeko lana izanen da. Hiru aste bakarrik gelditzen dira Aste Santua baino lehen eta ez dakigu denborarik izanen dugun dena akabatzeko.

Gainera, sormen-lanak ez dira lan automatiko, mekaniko eta ortopedikoak. Hausnartzea, pentsatzea eta sortzea eskatzen dute eta ez da lan erraza. Emaitza ona izatea ez da erraza. Pertsonalki aunitz motibatzen nau, baina martxan paratu beharko gara gaurtik!

Kasualidadez Estitxurekin egon gara, iazko plastikako irakaslearekin, eta sekulako motibazioa agertu du maiatzeko erakusketa egiteko. Gu ere motibatu gaitu eta niri, pertsonalki, oraindik gogo handiagoa eman dit erakusketa horretarako lan txukunak egiteko. Ahalik eta manifesturik politenak egiten saiatuko gara. Baita murala ere!

Iazko esperientzia ona ikusita, ea bertze horrenbertze egiten dugun aurten!


Irakaslearekin tutoretza, antzinera egiteko bulkada

Joan den astean Josemi Correa irakasleak bere tutoretza ordura joateko gonbitea egin zigun. Ez genekien ongi zertarako baina hortxe agrtu gara gaur taldekide guztiak goizeko 11:30tarako bere bulegora.

Talde-lana zer gisa joaki zaigun azaldu diogu; izan ditugun zailtasunak, antolatzeko modua, zer eta nola egin dugun orain artekoa... eta, momentuz, franko ongi goazela eman digu aditzera.


"Motibazio handia duzue, karrerako azkeneko hilabeteetan zaudete eta aprobetxatu duzuen guztia emateko eta irakasgai honekin gozatzeko". Bulkada haundia izan da hitz horiek aditzea. Aunitz animatu gaitu talde bezala.

"Erabili sormena, zuek ikusi nola egin erakusketarako lanak, bai manifestua, bai murala. Zuek ikusi zer egin nahi duzuen ere, bi lanak, bat... librea da. Zuek karrerako hiru urteotan ikusi eta ikasi duzuena azalduko duen artelan bat sortzea nahi dut", azaldu digu irakasleak. Gustatu zait aurkezpena, gogo haundia dudalako hiru urte hauetan izan ditudan gogoeta pertsonalak eta hezkuntzari buruzko hausnarketak artelan baten bidez adierazteko.

Motibatzen nau egitasmoak. Iaz plastikan hagitz gustura egin nuen lan eta hemen ere lan kreatibo, desberdin eta aberatsa egiten ahal dugula seguru nago. Bulkada haundia izan da zentzu horretan ere. Motibatzen nau lan egiteko sistema honek.

Sei lagun gara taldean eta, aitzinetik ere aipatu dudan bezala, koordinazio-lana ez da erraza. Bortz eskola desberdinetako informazio jaso dugu, hori ordenatu, konparaketak egin, taulak osatu... ez da lan erraza izaten ari.

Gaur gelan gogor aritu gara lanean baina oraindik ez dugu lana akabatu. Gure artean lana antolatzen pasatu dugu denbora gehien. Ez da erraxa. Harreman ona dugu, ongi ezagutzen dugu elkar, baina gisa honetako talde-lanak dedikazio eta antolakuntza handia eskatzen du. Konpondu gara eta lana martxan dugu. Espero dugu aste honetan akabatzea.

jueves, 24 de marzo de 2011

Klasekideekin elkarlanean

Josemik proposatutakoa segituz, gaur klaseko bertze talde batekin harremanetan paratu gara gure lanen balorazioa egiteko; haiek gure lanarena eta guk haienarena. Esperientzia polita izan da.

Hauek izan dira bertze taldekideak: Ainhara Plazaola, Nerea Corral, Ainhoa Landa, Leire Zaldivia eta Ainhoa Zaldivia (argazkian guztiak ageri dira, Ainhoa Landa izan ezik). Beraien lana honako ikastetxeetan burutu dute: Irungo El Pilarren, Donostiako Axular Lizeoan eta Manuel de Larramendin eta Tolosako Laskorain Ikastolan.

Hagitz lan ona egin dute. Harrituta utzi gaituzte. Gu oraindik informazio-bilketan gaude baina beraiek kasik akabatua dute lana. Aurkezpen erakargarria egin dute; tapa, aurkibidea, kolore aunitz... eta edukia ere hagitz osatua prestatu dute; taulak, konparazioak, ikastetxeen aurkezpenak, beraien aurrezagutzak... aunitz gustatu zaigu beraien lana. Komentario batzuk egin dizkiegu eta hobetzeko proposamen batzuk ematera ere ausartu gara. Hala ere, lan ederra egin dute eta ezin izan dugu gauza aunitz gehiago gehitu.

Gu poliki goaz. Sei taldekide gara eta gure arteko koordinazio-lanak zailak dira. Ikastetxe guztietara joan eta informazioa biltzea ez zaigu erraza egiten ari. Espero dugu hurrengo asterako lana aintzintua izatea.