Mostrando entradas con la etiqueta manifestua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta manifestua. Mostrar todas las entradas

martes, 10 de mayo de 2011

PAPER-ZORROA

Joseba Olagarai da nire izena. Kazetaritzan lizentziatua, Haur Hezkuntza ikasten hasi nintzen duela hiru urte. Gustatzen zait hezkuntza-mundua eta gustuko ditut haurrak. Hezkuntza ez-formalean urte frankoz egin dut lan eta eskola-mundua barrenetik ezagutzeko, HH ikasten hasi nintzen.

Konturatu orduko pasatu zaizkit hiru urte. Fakultateko ikasketek ez naute erabat bete. Hala ere, lanerako formula dexente eta hausnarketarako pista franko jaso ditut.

Blog honetan Josemi Correaren ikasgaiko lanak bildu ditut. Talde-lanean aritu gara: Nerea Ugarte, Maier Irazusta, Iker Urkiola, Jexux Buldain, Ander Errasti eta ni, Joseba Olagarai. Hala ere, bakoitzak bere bloga egin dugu.

Jarraian ikasgaiaren laburpen gisako bat eginen dut.

Joan den martxoan hasi ginen. Hasiera ez zen erraza izan. Ikasgai "atipiko" samarra denez, martxa hartzea dexente kostatu zitzaigun.

Hasteko, hainbat ikastetxetako IKTen konparaketa egin genuen. Lan mardula izan zen. Praktiketan egon ginen ikastetxeetara bisita egin genuen (aunitz gustatu zitzaidan Langile Ikastolara bueltatzea!), informazio jaso, guztia elkartu, osatu eta lan txukuna osatu genuen. Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan, Legazpiko Domingo Agirren, Leitzako Erletan, Orioko Herri Ikastolan eta Hernaniko Langile Ikastolan burutu genuen lana. Eneritz Mitxelena oiartzuarrak gurekin parte hartu zuen lan honetan.

Bat eta huts.

Hurrengo lana manifestua egitea izan zen. Ikaragarri gozatu nuen lan honekin. Hiru ikasturte hauetan unibertsitatean irakatsi digutenarekin eta ikasi dugunarekin hausnarketa kritikoa egin genuen. Gauza aunitz ateri ziren. Ander Errasti eta Nerea Ugarterekin egin nuen lana. Primeran moldatu ginen. Aunitz ezagutzen dugu elkar eta hagitz gustura egin genuen lan. Lan mardula ta osatua sortu genuen. Irakaskuntzaz, irakasle idealaz, guk sinesten dugun heziketaz... hezkuntzarekin lotura duen edozeini interesatu dakiokeen lana egin genuen.

Bi eta huts.

Hurrengo lana: murala. Gozamena izan zen. Orion elkartu ginen taldekideak argazki-sesio bat egiteko. Sekulako argazki-estudioa prestatu genuen Beñat Solaberrieta klasekidearen laguntzaz. Irudi baten bidez egin genuen murala. Ideia aunitz adierazi genituen eta hormairudi originala egin genuen. Hagitz ongi pasatu genuen argazkiak ateratzen. Mozorrotu ginen, elkar margotu, irri egin... gozamen hutsa izan zen.

Lan hauek guztiak egiten ari ginen bitartean, Josemi Correa irakasleak jarraipena hurbiletik egin zigun eta tutoretzen bidez, bide onetik gindoazela ziurtatzen zigun. Aunitz animatzen gintuen eta bulkada garrantzitsuak ematen zizkigun antzinera segitzeko.

Ikasgaiaren azkeneko txanpan, klaseko aurkezpena prestatu genuen, ordura arte egindakoa hitzaldi motz batean laburbiltzeko asmoz. PREZI programaren bidez bideo-emanaldi berezia sortu genuen. Lan mardula eta txukuna. Nerea Ugarte izan zen klasekideen antzinean aurkezpena egiteaz arduratu zena eta hagitz ongi egin zuen. Zorionak! Ordezkari bikaina izan zinen!

Talde-lana eta giroa ezinhobeak zirenez, bideoarekin ez aski eta, abesti bat ere grabatu genuen. Pirritx eta Porrotxen "irrien lagunak" abesti ezagunaren bertsio bat eginez, "Ziski eta Diskiren lagunak" abestia eta bideoklipa asmatu genituen. Zoramen hutsa izan zen eta lan zoragarria.

Orain Lugaritz Kultur Aretoan dago erakusketa ikusgai. Animatu eta bisitatu!

Ikasgai honetatik gauza franko nabarmenduko nituzke. Alde batetik, talde-lanean hagitz gustura aritu garela. Ekipo ona osatu dugu eta erraz egin ditugu lanak. Gozamena izan da. Bertzalde, hausnarketarako aukera haundiak eskaini dizkigu eta aunitz gustatu zait, hiru urtez ikasi duguna laburbiltzeko modu ezinhobea izan baita. Irakaslearen rola hagitz ona izan da, ondoan egon da beti eta behar izan dugunetan aunitz lagundu digu.

Balorazioa, bikain.

martes, 12 de abril de 2011

Manifestua lixto!

Akabatu dugu manifestua. Sekulako lana egin dugu.

Joan den astean egunero-egunero unibertsitatean egon ginen. Ordu aunitz sartu genituen. Gustura aritu ginen lanean, motibazioz eta giro onean.

Emaitzak argi eta garbi erakusten du eskainitako dedikazioa.

Gustura gelditu gara. Lan mamitsua egin dugu, hausnarketa aunitzekoa. Formatu polita eman diogu eta diseinua dexente landu dugu.

Estitxuk eskatu zigunari segituz, orain bigarren bertsioa eginen dugu, ideiak laburbilduz. Orain egin dugun manifesetuak 69 orrialde ditu (montajea eginda 34 orrialde ingurutan geldituko da). Baina Estitxuk Lugaritzeko Erakusketarako lan motzago bat egiteko eskatu zigun. Bere asmoa talde bakoitzak irakaslearen nortasunaz eta hezkuntzaz dituen hiruzpalau ideia ateratzea da, guztiak batuta manifestu komun bat egiteko. Horixe eginen dugu. Momentuz, 17 ideia desberdinetan osatu dugu gure lana. Hortik batzuk aterako ditugu Estitxuri emateko.

Gustura gaude egindakoaz.

Goiko argazkian gaude hitu taldekideak: Nerea Ugarte, Ander Errasti eta Joseba Olagarai.

Plazerra izan da zuekin lan egitea!


jueves, 7 de abril de 2011

Hezkuntzaren helburua, zoriontsu izatea


Akabatu dugu manifestua. Azkeneko formatu-detaileak ematea falta zaigu baina mamia egina dago. Kasik 70 orrialdeko manifestua idatzi dugu, inprimituta 20 bat orrialde geldituko dena.

Hezkuntzaren eta irakasle nortasunaren inguruko hausnarketa sakona egin dugu.

-Zer nolako umeak hazi nahi ditugu?

-Nolako irakasleak behar ditugu horretako?

-Zergatik ez du funtzionatzen egungo hezkuntza-sistemak? Zeintzuk dira arazoak?

-Zein proposamen egin daiteke ikasleak hobeto hezteko? Zer da hobeto heztea?

Galdera horiek eta bertze aunitz erantzun ditugu manifestuan. Gogoetan eta esperientzia pertsonalean oinarritutako hausnarketak dira, irakurtzeko, pentsatzeko eta gozatzeko.

Nahi duzu aurrerapen ttiki bat?

Bertzeak bertze, gure ustez, hezkuntzaren helburua zein den erratera ausartu gara.

Badakizu zein den?

Zoriontsu izatea. Horixe bilatu behar dute gure ustez umeek ttiki-ttikitatik. Ez dugu konpetentzietan sinesten, zein baino zein hobeagoa izatean. Zoriontasun indibidualean sinesten dugu, ume bakoitzak bere burua ezagutu eta kontentu bizitzeko egin beharreko lan luzean. Horrela bakarrik izan dezake zentzua irakasleon lanak gure ustez.

Dantzatzea, abestea, margolanak sortzea, antzerkia egitea... haurrek balore garrantzitsuak ikasten dituzte langintza horietan eta bakoitzak bere burua ezagutzeko aukera ezinhobea izaten du. Taldekideekiko harremanak, beldur pertsonalak, blokeo emozionalak… guztiarekin aurrez aurre topo egiten dute eta aunitz ikasten dute horiei irtenbidea topatzeko bidean. Plazerarekin konektatzen dute eta hori hagitz garrantzitsua da gaur egungo eskolan, ematen duelako eskolak ez duela plazerarekin zerikusirik.

Eskola sakrifizioaren eta esfortzuaren topalekua da, zoritxarrez. Gure ustez eskola plazera da, gozamen hutsa. Lagunak egin, emozioekin esperimentatu, harremanak landu… zer gehiago eskatu daiteke! Helburu hori sentiarazi nahiko genieke haurrei egunero.


Manifestuaren zati ttiki bat bertzerik ez da. Lugaritzeko erakusketara gonbidatzen zaituztegu manifestua osorik ikusteko!

martes, 5 de abril de 2011

Motibazioa eta talde-lana


Gogoz eta ilusioz, sekulako abiaduran ari gara lanean. Manifestuaren ideia joan den astean paratu genuen martxan eta ordu aunitzeko lanaren ondotik, lan erdiak egin ditugu dagoenekoz.

Nerea Ugarte, Ander Errasti eta hiruok ari gara lanean. Talde-lan ederra egiten ari gara. Giro onean, dedikazio haundiz eta hagitz motibatuta, manifestu mundiala osatu dugu, nahiz eta oraindik ez dugun akabatu.

Hitzak, hausnarketak, irudiak, komikiak, kolax-montajeak... hiru urte hauetan Unibertsitatean irakasle-identitateaz sortu zaizkigun gogoetak bilduko ditu gure manifestuak. Nolako hezkuntzan sinesten dugu? Nolakoa izan behar du irakasle idealak? Zein dira egungo hezkuntza-sistemaren akatsik handienak? Zergatik dago eskola-porrota?

Galdera horiek guztiak eta bertze aunitz erantzunen ditugu manifestuan.

Kasu praktikoak sartuko ditugu, gure praktika aldietan ikusi ditugunak. Ekarpen teorikoen inguruan ere idatzi dugu, Summerhilleko eskolaz, bertzeak bertze. Nolako irakasleak izan nahi dugun, egungo eskola-sisteman zer aldatu nahiko genukeen... hausnarketa sakonak eta zer pentsatu haundia ematen dutenak sartu ditugu manifestuan. Irakaskuntza ikuspuntu kritikotik aztertuko dugu, irakurleak gustura eta autokritika eginez irakurri dezan.

Itxura eta formatuari garrantzia haundia emanen diogu. Koloreetako orriekin eta diseinu originalarekin sortuko dugu manifestua.

Oraindik akabatu ez badugu ere, lan txukuna eginen dugun ziurtasuna dut. Gogoz eta motibatuta lan egiteak emaitza onak ematen ditu beti.


Tonucci komikigile ezagunaren irudiak erabiliko ditugu lanean, irakaskuntza ikuspuntu kritikotik baloratzen aunitz laguntzen dutelako. Orri honetakoak dira adibideetako batzuk.

jueves, 31 de marzo de 2011

Bat eta huts, baguzi antzinera!

Lixto!

Ailegatu gara helmugara.

Ederki kostata, baina akabatu dugu IKTen konparaketaren lana.

Lan txukuna ateri zaigu. Sei eskoletako IKTak konparatu ditugu; Leitzako Erleta eskolakoak, Orioko Ikastolakoak, Legazpiko Domingo Aguirrekoak, Oiartzungo Haurtzarokoak eta Hernaniko Langile Ikastolakoak. Taulak osatu ditugu, konparaketa zehatzak egin, ondorioak ateri, gure iritzia eman... uste baino lan mardulagoa eta osatuagoa egin dugu. Ez da erraxa izan baina merezi izan du. Emaitza hagitz ona da.

Bat eta huts.

Hurrengo lana manifestua da. Talde ttikitan banatuko gara, lana erraxago egite aldera. Jexuxek eta Ikerrek elkarrekin eginen dute manifestua eta Nereak, Anderrek eta nik osatuko dugu bertze taldea.

Hasteko, ideia-zaparrada egin dugu lana nola egin erabakitzeko. Egitasmo originalak ateri zaizkigu. Hiru urte hauetan Magisteritza Eskolan ikasi duguna modu desberdin batean adierazi nahi dugu. Solasaldi interesgarria izan dugu Nereak, Anderrek eta hiruok. Gauza aunitz izan ditugu hizpide eta ideia batzuk nabarmendu ditugu, manifestuan paratuko ditugunak, oraindik zehaztu ez dugun formatua erabiliz.

Bertzeak bertze guk sinesten dugun hezkuntza-sistemaren aldeko manifestua eginen dugu. Zer nola hazi eta hezi nahi ditugun umeak irakasle bezala aldarrikatuko dugu manifestuan. Hauexek izanen dira gure ideia nagusietako batzuk:

-Ikasle akademikoki superdotatuak sortzen ditugu eta emozionalki analfabetoak.

-Hezkuntzaren helburu nagusia zoriontsu izaten ikastea da. Hori bilatzen lagundu behar diegu haurrei ttiki-ttikitatik, bakoitzari bere moduan.

-Hezkuntzako irakaspen guztiak ikaslearen beraren kontzientziatik eginak izan behar dute. Hau da, ikasketak esanguratsua izan behar du.

-Denok dugu ezberdinak izateko eskubidea, eta aukeratzeko eta garatzeko aukera berberak izan behar ditugu.

-Irakastea ez da ezagutzak transferitzea, baizik eta ikasketa sortzeko edo eraikitzeko ahaltasunak sortzen jakitea.

-Irakasle eta ikasleak elkarrekin ikasi behar dute, irakatsi, kezkatu, emozionatu, eta elkarrekin egin behar diote aintzin eragozpenei. Irakasleak ere etengabeko ikaslea izan behar du.

Ideia batzuk bertzerik ez dira. Agian aldatuko ditugu, seguruik osatu ere bai... momentuz manifestura egin dugun lehenbiziko hurbilpena da. Oraindik formatuaren ideiarik ez dugu. Poliki-poliki joanen gara garatzen.

Klasera kasik egunero etortzea pentsatu dugu. Bihar ortzirala etorriko gara, astelehenetan ere bai... hagitz motibatuta gaude eta behar diren ordu guztiak sartuko ditugu lan txukuna egiteko.

Murala pentsatzen ere hasi gara. Hagitz ideia ona izan dugu baina momentuz ez dut horren inguruko deus idatziko. Sorpresa izanen da. Hori bai, batez ere irri eginen dugu!