martes, 22 de marzo de 2011

Taldeko bloga sortu dugu!

http://gometxeroak.blogspot.com/

Horixe da. Egin klik eta kuxkuxeatu!

Bakoitzak bere gloga izateaz gain, taldeko bloga sortzea pentsatu dugu. Ez da beharrezkoa irakasleak erran digunez. Baina teknologia berrien munduan murgiltzeko gogo haundia dugunez, norberaren egunkari pertsonala izateaz gain, talde bezala ere gure txokoa izatea erabaki dugu. Hortaz, Nereak, Ikerrek, Jexuxek, Anderrek eta nik gure hausnarketa, iritzi, irudi, bideo, etab.ak hortxe zintzilikatuko ditugu.

Gainera, taldekide berri bat izanen dugu lehenbiziko lana, IKTen konparaketarena, egiteko: Eneritz Mitxelena. Oiartzunen egin ditu berak praktikak eta hango eskolako IKTen informazioa ere gehituko diogu gure lanari. Ongi etorri, Eneritz!

Lan txukuna geldituko zaigu inondik ere. Leitza, Orio, Oiartzun, Legazpi eta Hernaniko eskoletako informazio osatuarekin txosten ederra prestatzen ari gara. Hurrengo posteoan izanen duzue emaitzaren berri.

Langile Ikastolara buelta

Lehenbiziko lana egiteko, eskoletako IKTen konparaketa, practicum IIa egin nuen ikastolara bueltatu naiz, Hernaniko Langile Ikastolara.

Elena Urruzolarekin egon naiz, irakasle eta koordinatzailearekin, galdeketa bat egiten. Gustu handiz hartu nau eta solasaldi goxoa izan dugu. Bortz urteko umeen irakaslea da Elena eta berarekin egin nuen praktikaldia. Polita izan da buelta.

Langile Ikastolako Haur Hezkuntzan informazio eta komunikazio teknologiak zer gisakoak diren azaldu dit. Gauza batzuk atentzioa eman didate eta lerrootara ekarri nahi izan ditut.

Adibidez, Langile Ikastolan teknologia berriekiko interesa izan badutela adierazi dit Elenak baina erran dit Langile ez dagoela ez IKTn, ez Eskola 2.0-ren barrenean. "Kritiko samar agertu ginen hasieratik proiektu horiekin, eskolako baliabideak, ordutegiak, etab. ez zigutelako aukerarik ematen proiektu horietan sartzeko. Jende asko eskatzen zuten saioetara joateko eta ez genuen mediorik", azaldu dit. Argitu du IKTen inguruko hausnarketa sakona egin nahi dutela Langilen baina oraindik ez direla horretan jarri.

Guk unibertsitateko taldean izandako eztabaida Elenari berari helarazi diot eta Haur Hezkuntzan Teknologia berriak sartzea beharrezkoa ikusten duen galdetu diot.

Honakoa erantzun dit: "Ez da beharrezkoa baina ez diot pegarik ikusten, onuragarria da. Alde batetik, informatikara hurbiltzeko balio du. Gehienek etxean ordenadorea badute eta oso erraz ibiltzen dute. Ez dakienak erraz ikasten du gelan. CDroomak oso egokiak dira eta umeei asko gustatzen zaizkie".

Hortaz, ordenadorea izatearen aldeko apustua egiten du Elenak. Hala ere, "zerbait osagarria" da beretzat. Gelan IKTekin ez dutela lan berezirik egiten erran dit. "Binaka jartzen ditugu ordenadoreetan, elkarri lagunduz lan egiteko. Baina garrantzitsuagoa da bi ume horiek elkarren artean nola moldatzen diren (elkarri laguntzen dioten, elkarlanean funtzionaten duten, etab.) ordenadorea bera erabiltzen ikastea baino. Egia da asko motibatzen direla jokuekin, irudiekin... bana ez da beharrezkoa ordenadorea erabiltzen jakitea. Zerbait osagarria da", nabarmendu du Elenak.


Gustatu zait bere hausnarketa eta gure lanerako baliagarria izan daitekeelakoan nago. 30 urte daramatza Elenak Langilen lanean eta hezkuntzaz aunitz daki. Bere hitza bada zerbait.

Nire informazio-bilketa gelara ekarri dut eta bertze eskoletako informazioarekin osatzea falta da orain.

Horretarako, "Google docs" erabiliko dugu. Nire galdeketa goitu dut eta bakoitzak bere erantzunak dokumentu berean emanen ditu. Horrela, galdeketa bera eskola guztietako informazioarekin erantzunen dugu.

Hurrengo posteoan goituko dugu lan osatua.

PD: Blog honetan ikusiko dituzun umeen argazki guztiak internetetik hartutako argazkiak dira. Adin txikikoen irudi-eskubideak tarteko, ez dut nire inguruko umeen argazkirik goituko.




jueves, 17 de marzo de 2011

Lehenbiziko pausuak, lehenbiziko eztabaidak



Kostata, baina paratu gara martxan. Anderrek eta biok hasi genuen bidea bertze hiru lagunekin segituko dugu. Hauxe da osatu dugun taldea:

-Iker Urkiola
-Ne
rea Ugarte
-Jexux Buldain
-Ander Errasti
-Joseba Olagarai

Horiexek arituko gara IKTen esperientzien analisia egiten. Hortaz, ailegatu da momentua teknologia berriei eskua eman eta martxan hasteko.


Bakoitzak bere bloga sortuko du eta taldeko bloga ere eginen dugu. Taldeko blogean lan osatuak, hausnarketa konpartituak eta taldeko esperientziak idatziko ditugu. Norberarenean berriz, bakoitzak eginen du ikasgaiaren jarraipena egunkari formatuan.

Hasteko, bigarren klasean, Josemi Correak IKTen lana nola egin azaldu duenean, proiektua planifikatzen hasi gara. Lau eskoletan burutuko dugu lana: Leitzako Erleta Eskolan (Iker eta Jexuxek praktikak egin dituzte han), Legazpiko Domingo Aguirren (Nereak), Orioko Herri Ikastolan (Anderrek) eta Hernaniko Langile Ikastolan (nik, Joseba Olagaraik).

Helburua gaur egun IKTak (informazio eta komunikazio teknologiak) Haur Hezkuntzan duten eragina eta erabilera
aztertzea da. Galdeketa bat prestatu dugu bakoitzak bere ikastetxean egin dezan, informazioa lortzeko. Gero, komunean paratuko dugu bakoitzak jasotakoa eta lanarekin hasiko gara.

Lehenbiziko eztabaida sortu da taldean: beharrezkoa da teknologia berriak Haur Hezkuntzan lantzea?

Batzuk baietz zioten eta bertze batzuk ezetz. Umeak ordenagailua erabiltzen hastearekin ados daudenen ustez, garrantzitsua da ttiki-ttikitatik ordenadorearekin trebatzea, teknologia berriekiko gaitasunak indartzen dituztelakoz eta gerora sortu daitezkeen erronkei aintzin egiteko gaitasun eraginkorra lortzen dutelakoz.



Nire ustez berriz, lehentasun kontua da. Ez dut uste ordenadoreen erabilera txarra edo desegokia denik, baina Haur Hezkuntzako adin horietan bertze alderdi batzuei lehentasuna ematea egokiago ikusten dut, bertzeak bertze, alderdi sozialari edo emozionalari. Niretzat puzleak ordenadorean egitea baino interesgarriagoa da taldean edo binaka egitea, jokuarekin berarekin ikasi dezaketenaz gain, harremanetan ere aunitz trebatu daitezkeelako.

Nago gaur-egungo gizartean lehenago edo beranduago, ordenadorea erabiltzen ikasiko dutela eta hiru, lau edo bortz urte goizegi iruditzen zait horretan hasteko. Ez dago sobran, baina bertze alderdi batzuk lantzen apostu handiagoa eginen nuke nik, teknologia berriak lantzen baino.

Nik unibertsitatean izan n
uen lehenbiziko kontaktua teknologia berri aunitzekin eta arazorik gabe bizi naiz gaur-egungo gizartean. Ez dut faltan bota ume-umetan ez landu izana. Lehen Hezkuntzan lantzen hasteko egokiagoa iruditzen zait, Haur Hezkuntzan baino.

Poliki-poliki garatuko ditugu gure aurriritzi hauek eta osatuko ditugu informazioa osatzen joan ahala. Hala ere, eztabaidak sortzea eta horretaz hausnartzea hagitz aberasgarria da eta lehenbiziko egunetik ongi hasi garela uste dut.

Interes handia dut ikasgai honekiko. Taldelanean jarduteak aunitz motibatzen nau eta gaia bera ere hagitz interesgarria egiten zait. Irakasle lanerako baliagarria izanen zaigulakoa nago. Beldur pixko bat ematen dit, gauza berri dexente ikasi beharko ditugulako, baina seguru aberasgarria izanen dela.





martes, 15 de marzo de 2011

Pupurri saltsa, harridura ikur pixka batekin

Iaz Estitxurekin pasatu zitzaigun bezala, aurten ere zaila egin zaigu ikasgaira lehenbiziko hurbilpena egitea.

Josemik gaia aurkeztu duenean harridura aurpegiarekin segitu ditugu bere azalpenak. Hasieran, ez gara aunitzetaz enteratu. Poliki-poliki, ikasleen galderak erantzunez eta azalpen xeheagoak emanez, zer eta nola egin behar den enteratzen hasi gara.

Elkarlanean errazago moldatuko garelakoan, Ander Errasti eta Joseba Olagarai, biok elkarrekin jardunen dugu ikasgai honetan.

Anderrek Orioko Herri Ikastolan egin du Practicuma. Josebak Hernaniko Langile Ikastolan. IKT berrien inguruko txostena egiterakoan ikastetxe bakoitzaren ezaugarriak hartuko ditugu kontutan eta IKTen erabilpena aztertuko dugu bi zentrotan. Gure helburua haur hezkuntzako IKTko ekipamendua, erabilpena (baliabide digitalak) eta prestakuntza ezagutzea izanen da eta hori jasoko duen lana burutzea.

Egunerokoa blog formatuan eginen dugu. Blog hau izanen da gure egunerokoa.

Ikasturte berria, ikasgai berria, etapa berria.


Josemi Correarekin "Hezkuntzari aplikaturiko teknolgia berriak" ikasgaiko lanak ikusiko dituzu hemendik antzinera. Joan den urteko blog bera mantenduz, lan berriak eta hezkuntzari buruzko ikuspuntu berriak paratuko ditugu hemen.

Hasi da abentura!

jueves, 3 de junio de 2010

Ebaluaketa pertsonala

HIRUZPALAU HITZ, HAUSNARKETA GISA

Azkeneko klasean ikasgaiaren ebaluaketa egiteko eskatu digu Estitxuk; zein alderdi positibo izan dituen gure ustez, eta zein alderdi hobetuko genituzkeen.

Irakasle txarrak ditugunean "zein txarra den" errateko abilidade berarekin idatziko ditut lerro hauek, hain juxtu aldrebesko ikuspuntuarekin. "Zein irakasle ona den" erratea gehiago kostatzen da batzuetan, baina ikasgai honetan bizitu dudan esperientziarekin, merezimendu osoz, ongi irabazitako ebaluaketa positiboa eginen dut jarraian.

Ikasgaia planteatzeko modua ezinhobea izan da. Ikasgai praktikoa izan da, ekintza eta esperimentu aunitzekoa. Ordenagailua erabili dugu, margoak, musika, liburuak... ateraldiak egin ditugu, artelan desberdinak ikusteko aukera izan dugu, talde-lanean aritu gara, bakarka, etxean, kalean, gelan, Artelekun, Tabakaleran... aunitz mugitu gara eta ikasi ere, aunitz ikasi dugu.

Nerea eta Iker, Mikel Laboaren musika entzuten eta marrazkia egiten.

Plastikari beldurra nion. "Txar mortala naiz pintatzen, ez dut ideiarik ere!" erraten nuen beti. Ez dut sekula margolan bat egin, ezta eskultura bat ere, uste nuelako "txarra" nintzela. Ikasgai honekin ikasi dut ausartzea dela inportanteena. Eskolan ematen diguten plastika-irakaskuntzarekin, gozatzeko bide baino, perfekzioa lortzeko bidea dela ikasten dugu, eta perfekzio horretarako gaitasun perfekturik ez dugunok, kanpo gelditzen gara, "zein txarrak garen" erranez.

Hilabete hauetan ikasi dut helburuak ez duela hainbertze inporta, eta bidea plazer hutsa dela. Ez da koadro edo eskultura perfektua egin beharrik, ezta emaitza txundigarri bat lortu beharrik ere. Plastikaren bidez gozatzea lortuz gero, bidean alegia, helburua lortu duzu. Horretarako balio izan dit ikasgai honek.

Ikaragarri disfrutatu dut lanean, bai bideoa egiten, bai Mikel Laboaren body-paint lanarekin ere. Agian emaitzak ez dira mundialak, baina emaitza horretara ailegatzeko egindako bidea hagitz ona izan da. Eta horrexekin gelditzen naiz.

Margotzeari gustua hartu diot, batez ere Estitxuk Mikel Laboaren abesti bat paratu eta horrek sugeritzen ziguna paperean margotzeko proposamena egin zigunean. Ttikitako oroitzapenak ekarri zizkidan eta "ume artista" sentitu nintzen momentu batez. Aunitz gozatu nuen marrazkiak egiten. Hauexek dira:



Bideoa grabatzen ere esperientzia ederra bizitu nuen. Nire bikotearekin eta bi lagunekin egin nuen lana eta talde polita osatu genuen bai ideiak ateratzerakoan, bai grabatzerakoan. Alderdi negatibo bakarra izan zuen: nere etxeko bainuontzia ataskatuta gelditu zela eta komuna hiru aldiz garbitu behar izan genuela lehen zegoen bezala gelditzeko.

Mikel Laboaren lana egitea ere plazer hutsa izan zen. Ander, Iker, Maier, Nerea eta bortzok egin genuen lana, hainbat laguntzailerekin batera. Ikaragarri gozatu genuen. Azpiko argazkian denok elkarrekin gaude.

Taldekideak, ezkerretik eskuinera, Iker, Nerea, Maier eta ni. Behean, Ander.

Plastikari gustua hartu diot, iritzi kritikoa garatu dut egungo eskoletan plastika emateko moduari buruz, lanak egiten aunitz gozatu dut eta ikaragarri ikasi dut plastikaren inguruan.

Alderdi negatibo bakarra ikusi diot ikasgaiari. Bideoak egiten hasi baino lehen, eredu bat erakutsi zigun Estitxuk klasean eta, nahi gabe, talde guztiek eredu hori "kopiatu" dugu, bakoitzak bere erara, baina ideia berarekin. Egokiagoa litzateke hasieran ez eredurik erakustea, ideia libreak garatu daitezen, eta talde bakoitza bere ideiarekin martxan dagoenean, orduan bideo ereduak erakustea. Bertzela, lan guztiak berdinak ateratzen dira.

Horretaz gain, ikasgai ederra izan da. Irakasleaz gain, azpiko argazkiko lagunek ere kulpa handia izan dute. Hortaz, eskerrik asko Iker, Ander, Maier eta Nerea. Onenak zarete!



LAUTIK 2 EDO 3

viernes, 28 de mayo de 2010

Mikel Laboa

Ikasgaiarekin akabatzeko, Mikel Laboaren inguruko sormen-lanak egitea proposatu digu irakasleak.

Lan-kontuengatik libreago nabilenez orain, klaseko talde batean sartu naiz lana haiekin egiteko. Maier, Nerea, Ander eta Iker dira. Klasekideak eta lagunak. "Lautik2" da beraien taldearen izena.

Hemendik aitzineko lanak beraien blogean publikatuko ditut, eta aitzakia horrekin, bertze blog bat bisitatzeko eta ezagutzeko aukera izanen duzue.

Hauxe da helbidea: http://lautik2.blogspot.com/




Hortxe ikusiko dituzue Mikel Laboaren proiektuarekin egin ditugun lan guztiak; originalak, kolore aunitzekoak, eta batez ere, gustu haundiz egindakoak. Denbora aunitz zen ez nuela hain ongi pasatu klaseko lan bat egiten.

Klikatu goiko helbidean... eta disfrutatu!

Aurrerapen gisa, argazki hauek uzten ditut hemen.



Aitortu behar dut gozamen hutsa izan dela Mikel Laboaren proiektu hauetan lan egitea. Lehiaketan parte hartuko dugu... eta ea zerbait irabazten dugun!

Hala ere, nire bideoan aipatzen nuen mezua aplikatuko dut hemen ere: helmugak ez du inporta, bidea da inportanteena. Eta lehiaketa horretan gertatzen dena gertatuta ere, lana egiten zeinen ongi pasatu dugun ikusita, berdin-berdin dit emaitzak.

Etxalarren, nire baserrian, pasatu genituen momentu goxoak dira lanaren emaitzik onena. Hemen azpian, Body Paint egiteaz akabatu ondotik, errekan bainatu gineneko momentu bat.

A zer gozamena!


Argazkian, ezkerretik eskuinera; ni, Iker, Ander, Maier eta Ibai (gizajoa, lau lagunen kontra gerran). Ikustea bakarrik aski da... horrela gustua ematen du unibertsitateko lanak egiteak.

Ezin bertzerik erran: plazer hutsa izan da asignatura hau egitea.

Eskerrik asko, Estitxu.