martes, 22 de marzo de 2011

Langile Ikastolara buelta

Lehenbiziko lana egiteko, eskoletako IKTen konparaketa, practicum IIa egin nuen ikastolara bueltatu naiz, Hernaniko Langile Ikastolara.

Elena Urruzolarekin egon naiz, irakasle eta koordinatzailearekin, galdeketa bat egiten. Gustu handiz hartu nau eta solasaldi goxoa izan dugu. Bortz urteko umeen irakaslea da Elena eta berarekin egin nuen praktikaldia. Polita izan da buelta.

Langile Ikastolako Haur Hezkuntzan informazio eta komunikazio teknologiak zer gisakoak diren azaldu dit. Gauza batzuk atentzioa eman didate eta lerrootara ekarri nahi izan ditut.

Adibidez, Langile Ikastolan teknologia berriekiko interesa izan badutela adierazi dit Elenak baina erran dit Langile ez dagoela ez IKTn, ez Eskola 2.0-ren barrenean. "Kritiko samar agertu ginen hasieratik proiektu horiekin, eskolako baliabideak, ordutegiak, etab. ez zigutelako aukerarik ematen proiektu horietan sartzeko. Jende asko eskatzen zuten saioetara joateko eta ez genuen mediorik", azaldu dit. Argitu du IKTen inguruko hausnarketa sakona egin nahi dutela Langilen baina oraindik ez direla horretan jarri.

Guk unibertsitateko taldean izandako eztabaida Elenari berari helarazi diot eta Haur Hezkuntzan Teknologia berriak sartzea beharrezkoa ikusten duen galdetu diot.

Honakoa erantzun dit: "Ez da beharrezkoa baina ez diot pegarik ikusten, onuragarria da. Alde batetik, informatikara hurbiltzeko balio du. Gehienek etxean ordenadorea badute eta oso erraz ibiltzen dute. Ez dakienak erraz ikasten du gelan. CDroomak oso egokiak dira eta umeei asko gustatzen zaizkie".

Hortaz, ordenadorea izatearen aldeko apustua egiten du Elenak. Hala ere, "zerbait osagarria" da beretzat. Gelan IKTekin ez dutela lan berezirik egiten erran dit. "Binaka jartzen ditugu ordenadoreetan, elkarri lagunduz lan egiteko. Baina garrantzitsuagoa da bi ume horiek elkarren artean nola moldatzen diren (elkarri laguntzen dioten, elkarlanean funtzionaten duten, etab.) ordenadorea bera erabiltzen ikastea baino. Egia da asko motibatzen direla jokuekin, irudiekin... bana ez da beharrezkoa ordenadorea erabiltzen jakitea. Zerbait osagarria da", nabarmendu du Elenak.


Gustatu zait bere hausnarketa eta gure lanerako baliagarria izan daitekeelakoan nago. 30 urte daramatza Elenak Langilen lanean eta hezkuntzaz aunitz daki. Bere hitza bada zerbait.

Nire informazio-bilketa gelara ekarri dut eta bertze eskoletako informazioarekin osatzea falta da orain.

Horretarako, "Google docs" erabiliko dugu. Nire galdeketa goitu dut eta bakoitzak bere erantzunak dokumentu berean emanen ditu. Horrela, galdeketa bera eskola guztietako informazioarekin erantzunen dugu.

Hurrengo posteoan goituko dugu lan osatua.

PD: Blog honetan ikusiko dituzun umeen argazki guztiak internetetik hartutako argazkiak dira. Adin txikikoen irudi-eskubideak tarteko, ez dut nire inguruko umeen argazkirik goituko.




No hay comentarios:

Publicar un comentario