jueves, 7 de abril de 2011

Hezkuntzaren helburua, zoriontsu izatea


Akabatu dugu manifestua. Azkeneko formatu-detaileak ematea falta zaigu baina mamia egina dago. Kasik 70 orrialdeko manifestua idatzi dugu, inprimituta 20 bat orrialde geldituko dena.

Hezkuntzaren eta irakasle nortasunaren inguruko hausnarketa sakona egin dugu.

-Zer nolako umeak hazi nahi ditugu?

-Nolako irakasleak behar ditugu horretako?

-Zergatik ez du funtzionatzen egungo hezkuntza-sistemak? Zeintzuk dira arazoak?

-Zein proposamen egin daiteke ikasleak hobeto hezteko? Zer da hobeto heztea?

Galdera horiek eta bertze aunitz erantzun ditugu manifestuan. Gogoetan eta esperientzia pertsonalean oinarritutako hausnarketak dira, irakurtzeko, pentsatzeko eta gozatzeko.

Nahi duzu aurrerapen ttiki bat?

Bertzeak bertze, gure ustez, hezkuntzaren helburua zein den erratera ausartu gara.

Badakizu zein den?

Zoriontsu izatea. Horixe bilatu behar dute gure ustez umeek ttiki-ttikitatik. Ez dugu konpetentzietan sinesten, zein baino zein hobeagoa izatean. Zoriontasun indibidualean sinesten dugu, ume bakoitzak bere burua ezagutu eta kontentu bizitzeko egin beharreko lan luzean. Horrela bakarrik izan dezake zentzua irakasleon lanak gure ustez.

Dantzatzea, abestea, margolanak sortzea, antzerkia egitea... haurrek balore garrantzitsuak ikasten dituzte langintza horietan eta bakoitzak bere burua ezagutzeko aukera ezinhobea izaten du. Taldekideekiko harremanak, beldur pertsonalak, blokeo emozionalak… guztiarekin aurrez aurre topo egiten dute eta aunitz ikasten dute horiei irtenbidea topatzeko bidean. Plazerarekin konektatzen dute eta hori hagitz garrantzitsua da gaur egungo eskolan, ematen duelako eskolak ez duela plazerarekin zerikusirik.

Eskola sakrifizioaren eta esfortzuaren topalekua da, zoritxarrez. Gure ustez eskola plazera da, gozamen hutsa. Lagunak egin, emozioekin esperimentatu, harremanak landu… zer gehiago eskatu daiteke! Helburu hori sentiarazi nahiko genieke haurrei egunero.


Manifestuaren zati ttiki bat bertzerik ez da. Lugaritzeko erakusketara gonbidatzen zaituztegu manifestua osorik ikusteko!

No hay comentarios:

Publicar un comentario