jueves, 17 de marzo de 2011

Lehenbiziko pausuak, lehenbiziko eztabaidak



Kostata, baina paratu gara martxan. Anderrek eta biok hasi genuen bidea bertze hiru lagunekin segituko dugu. Hauxe da osatu dugun taldea:

-Iker Urkiola
-Ne
rea Ugarte
-Jexux Buldain
-Ander Errasti
-Joseba Olagarai

Horiexek arituko gara IKTen esperientzien analisia egiten. Hortaz, ailegatu da momentua teknologia berriei eskua eman eta martxan hasteko.


Bakoitzak bere bloga sortuko du eta taldeko bloga ere eginen dugu. Taldeko blogean lan osatuak, hausnarketa konpartituak eta taldeko esperientziak idatziko ditugu. Norberarenean berriz, bakoitzak eginen du ikasgaiaren jarraipena egunkari formatuan.

Hasteko, bigarren klasean, Josemi Correak IKTen lana nola egin azaldu duenean, proiektua planifikatzen hasi gara. Lau eskoletan burutuko dugu lana: Leitzako Erleta Eskolan (Iker eta Jexuxek praktikak egin dituzte han), Legazpiko Domingo Aguirren (Nereak), Orioko Herri Ikastolan (Anderrek) eta Hernaniko Langile Ikastolan (nik, Joseba Olagaraik).

Helburua gaur egun IKTak (informazio eta komunikazio teknologiak) Haur Hezkuntzan duten eragina eta erabilera
aztertzea da. Galdeketa bat prestatu dugu bakoitzak bere ikastetxean egin dezan, informazioa lortzeko. Gero, komunean paratuko dugu bakoitzak jasotakoa eta lanarekin hasiko gara.

Lehenbiziko eztabaida sortu da taldean: beharrezkoa da teknologia berriak Haur Hezkuntzan lantzea?

Batzuk baietz zioten eta bertze batzuk ezetz. Umeak ordenagailua erabiltzen hastearekin ados daudenen ustez, garrantzitsua da ttiki-ttikitatik ordenadorearekin trebatzea, teknologia berriekiko gaitasunak indartzen dituztelakoz eta gerora sortu daitezkeen erronkei aintzin egiteko gaitasun eraginkorra lortzen dutelakoz.



Nire ustez berriz, lehentasun kontua da. Ez dut uste ordenadoreen erabilera txarra edo desegokia denik, baina Haur Hezkuntzako adin horietan bertze alderdi batzuei lehentasuna ematea egokiago ikusten dut, bertzeak bertze, alderdi sozialari edo emozionalari. Niretzat puzleak ordenadorean egitea baino interesgarriagoa da taldean edo binaka egitea, jokuarekin berarekin ikasi dezaketenaz gain, harremanetan ere aunitz trebatu daitezkeelako.

Nago gaur-egungo gizartean lehenago edo beranduago, ordenadorea erabiltzen ikasiko dutela eta hiru, lau edo bortz urte goizegi iruditzen zait horretan hasteko. Ez dago sobran, baina bertze alderdi batzuk lantzen apostu handiagoa eginen nuke nik, teknologia berriak lantzen baino.

Nik unibertsitatean izan n
uen lehenbiziko kontaktua teknologia berri aunitzekin eta arazorik gabe bizi naiz gaur-egungo gizartean. Ez dut faltan bota ume-umetan ez landu izana. Lehen Hezkuntzan lantzen hasteko egokiagoa iruditzen zait, Haur Hezkuntzan baino.

Poliki-poliki garatuko ditugu gure aurriritzi hauek eta osatuko ditugu informazioa osatzen joan ahala. Hala ere, eztabaidak sortzea eta horretaz hausnartzea hagitz aberasgarria da eta lehenbiziko egunetik ongi hasi garela uste dut.

Interes handia dut ikasgai honekiko. Taldelanean jarduteak aunitz motibatzen nau eta gaia bera ere hagitz interesgarria egiten zait. Irakasle lanerako baliagarria izanen zaigulakoa nago. Beldur pixko bat ematen dit, gauza berri dexente ikasi beharko ditugulako, baina seguru aberasgarria izanen dela.





No hay comentarios:

Publicar un comentario