viernes, 28 de mayo de 2010

Mikel Laboa

Ikasgaiarekin akabatzeko, Mikel Laboaren inguruko sormen-lanak egitea proposatu digu irakasleak.

Lan-kontuengatik libreago nabilenez orain, klaseko talde batean sartu naiz lana haiekin egiteko. Maier, Nerea, Ander eta Iker dira. Klasekideak eta lagunak. "Lautik2" da beraien taldearen izena.

Hemendik aitzineko lanak beraien blogean publikatuko ditut, eta aitzakia horrekin, bertze blog bat bisitatzeko eta ezagutzeko aukera izanen duzue.

Hauxe da helbidea: http://lautik2.blogspot.com/




Hortxe ikusiko dituzue Mikel Laboaren proiektuarekin egin ditugun lan guztiak; originalak, kolore aunitzekoak, eta batez ere, gustu haundiz egindakoak. Denbora aunitz zen ez nuela hain ongi pasatu klaseko lan bat egiten.

Klikatu goiko helbidean... eta disfrutatu!

Aurrerapen gisa, argazki hauek uzten ditut hemen.



Aitortu behar dut gozamen hutsa izan dela Mikel Laboaren proiektu hauetan lan egitea. Lehiaketan parte hartuko dugu... eta ea zerbait irabazten dugun!

Hala ere, nire bideoan aipatzen nuen mezua aplikatuko dut hemen ere: helmugak ez du inporta, bidea da inportanteena. Eta lehiaketa horretan gertatzen dena gertatuta ere, lana egiten zeinen ongi pasatu dugun ikusita, berdin-berdin dit emaitzak.

Etxalarren, nire baserrian, pasatu genituen momentu goxoak dira lanaren emaitzik onena. Hemen azpian, Body Paint egiteaz akabatu ondotik, errekan bainatu gineneko momentu bat.

A zer gozamena!


Argazkian, ezkerretik eskuinera; ni, Iker, Ander, Maier eta Ibai (gizajoa, lau lagunen kontra gerran). Ikustea bakarrik aski da... horrela gustua ematen du unibertsitateko lanak egiteak.

Ezin bertzerik erran: plazer hutsa izan da asignatura hau egitea.

Eskerrik asko, Estitxu.

viernes, 21 de mayo de 2010

ULERTZETIK SENTITZERA

Lauhilabete bukaerako lana: BIDEOA

Nondik gatoz?

Nora gaude?

Nora goaz?

Bideoarekin erakutsi nahi dudana:
Zeinen inportantea den sentitzea... ulertzen ez bada ere, sentitzea.

Ikasgai honekin egin dudan hausnarketa nagusia:
Artea sentitzeko da, ez ulertzeko.

Eskerrik asko Zuriñe, Xabi eta Andoniri,
bideoa sortzen nirekin pasatu dituzuen ordu guztiengatik.

Estitxuri, hasierako ideia garatzen laguntzeagatik eta nirekin izan duzun jarrera irekiagatik.

Eta klaseko guztiei, erran dizkidazuen gauza politengatik.

Ikusi eta disfrutatu.

Joseba.




miércoles, 5 de mayo de 2010

Etapa ebolutiboak: V. Lowenfeld


Nire marrazkien analisi teorikoa


Umeek marrazkiak egiten dituztenean sentimenduz egiten dituzte, pentsatu gabe, barrenetik ateratzen zaien bezala. Baina polita da marrazki horiei, begirada kritiko batetik, behaketa teorikoa egitea.

Horixe egin dut nire ttikitako bi marrazkirekin, eta harrituta gelditu naiz V. Lowenfeld-ek proposatzen dituen etapekin zein lotuta dauden.

Hementxe lehenbizikoa:


Etxeko ganbaran hautsak janda topatu dudan marrazki hau lau urterekin egin nuen. Ikusten denez, garai hartan konturatzen nintzen mugimenduen eta marren artean erlazio bat bazegoela. Borobilak itxita daude, zentzu batekin eginda.

Lowenfeld-ek dioenez, karabaketa hasten denetik 6 hilabetera gertatzen da hori gutxi gora-behera, eta garai hori hagitz garrantzitsutzat dauka, aldaketa horrekin haurrak marrazkiengan kontrol bisuala duela asmatuko baitu.

Lowenfeld-en arabera, marrazkien artean desberdintasun handia ez egon arren haurrarentzat esperientzi bitala izanen da hau, mugimenduak kontrolatzen dituelako. Ni fase horretan nengoen goiko marrazkian, dudarik gabe.

Garai horretako marrazkietan marrak luzeak dira (borobil itxuran bukatuak, gehienetan) eta batzutan, kolore desberdinak erabiltzen saiatzen da (gorria eta morea nire kasuan). “Garai honetan, orrialde guztia betetzea gustatzen zaio”, dio Lowenfeld-ek. Eta halaxe da. “Arkatza heltzeko metodo desberdinak frogatzen ditu eta hiru urte dituenean, pertsona heldua arkatza heltzeko erabiltzen duen metodo berdina erabiliko du”, gaineratzen du. Hortaz ez naiz oroitzen, baina pentsatzen dut borobil horiek egiteko arkatza egoki hartzen ikasia izanen nuela.

Autorearen ustetan, Karabaketa geroz eta landuagoak dira eta haurra erlazioak aurkitzen ditu batzuetan, bere ingurunean dagoenarekin eta bere marrazkiekin. Suposatzen dut borobil horiek zerbait erran nahiko dutela. Zentzu batekin sortu izanen nituen.

“Karabaketa berdin bat, behin baino gehiagotan egiteko ahalmena du”, dio Lowenfeld-ek. Eta hori garbi ikusten da irudian. Borobilak behin eta berriz errepikatuta daude irudian, nahiz eta denak desberdinak izan.

Akabatzeko, honakoa erraten du: “Kontrol handiagoaren ondorioz zirkuluak, borobilak, e.a. lotzen hasten da eta eskumuturra eje bezala erabiliko du, egiten dituen formak itxiaz. Karabaketa zirkularra azaltzen da orduan; formak berez balio bat izango dute, bakarrik azaltzen dira eta askotan ezin dira ezagutu ere egin.Normalean txikiak dira, askoz txikiagoak denbora aurrera dijoan neurrian”. Zalantzarik gabe, ezaugarri horiek guztiak bete-betean ikus daitezke irudian.

Bigarren irudia: Maikel Yakson, etapa errealista



Marrazki hau bederatzi urterekin egin nuen. Lowenfeld-ek “errealismoa” deitutako etapan kokatuko nuke. Honakoa dio garai honi buruz: “Errealitatea haurrarengan finkatzen da. Sormena ez da hain garrantzitsua irudi bat kopiatzeko erraztasunaren aurrean. Errekurtso subjetiboetatik aldentzen da eta nahiz eta errealitatea irudikatu, bere esperientzia islatzen du”.

Nik bederatzi urterekin aktore izan nahi nuen, antzerkiak egitea ikaragarri gustatzen zitzaidalako. Hortaz, irudi honetan nire esperientzia islatzen dudala uste dut. Iñauterietan antzerkiak egiten genituen klasekook eta eszenatoki gainean kokatutako pertsona batek nahi hori islatzen du; kasu honetan Michael Yacksonek. Sormena ez hain garrantzitsua izatea eta kopiatzeko erraztasuna ere argi eta garbi ageri dira irudian, eszenalekua, fokoak, etab. ez baitira nik asmatuak, nonbaitetik kopiatutakoak baizik.

Lowenteld-ek honakoa gehitzen du etapa “erralistan”: “formak azaltzeko , eskema ez da orain bide egokiena. Garrantzi gehien duten aldeak, detaile gehiagoren kontzentrazioarekin adierazten ditu. Pertsonaien jantziak aberasten ditu, bereizketa sexuala eginez. Detaileen kontzeptua hartzen du, baina akzioarena galdu, honela figurak hotzagoak dira”.

Hori guztia ere bete-betean betetzen da. Detaile gehiagoren kontzentrazioa kortinetako nahiz abeslariaren arropetako puntuetan ikus daiteke, pertsonaien jantziak aberasteko joerarekin lotuta (Jacksonen arropa benetan esanguratsua da).

Etapa honetako bertze ezaugarri batzuk ere betetzen ditu marrazkiak. Espazioari dagokionez, helduen modura ulertzen da marrazkia, planu bat oinarri bezala hartuz, ikusmuga puntua azaltzen da eta berarekin gainjartzea; gertuago dauden elementuak handiagoak azaltzen dira eta alderantziz, eta perspektiba erabiltzen hasten dira. Horregatik eszenatokiko teloiak handiagoak dira eta Michael Jackson txikiagoa, seguruenik urrunago egonen delako.

Kolorea, eskematik urrutiratzen da tonu desberdinak azalduz, fokuen kolore-intentsitate desberdinekin erraterako. Kolorea, beraien esperientziekin lotutak egongo dira, bere ingurunea espresatzen dute eta jasotako informazio sozio-kulturala, kasu honetan garai hartan antzerkiak egiten zein ongi pasatzen nuen eta interpretazioak zenbat betetzen ninduen islatuz.