martes, 12 de abril de 2011

Muralaren aurrerapen ttikia

Oraindik ez dugu murala osatu. Argazkiak ateri ditugu baina fotoshopekin muntaia egin behar dugu. Edozein moduz, Orioko argazki-sesioko ale batzuk hemen paratuko ditut, aurrerapen gisa.

Ideia desberdinak landu genituen sesioan; posturak, osaketak, arropak... retokerik gabeko argazkiak dira hauek. Ateri bezala paratuak. Hala ere, muralaren ideia bat egiteko nahikoak dira. Emaitza franko desberdina izanen da baina argazki hauetako batean oinarritua egonen da.

Lehenago ere erran dudan moduan, gozamena izan zen argazki-sesio hau egitea. Beñat Solaberrietari eskerrak ematen dizkiogu lerro hauen bidez.

Argazkilari bikaina haiz!

Talde osoari ere eskerrak eman nahi dizkiot hagitz gustura egondu ginelako. Aunitz gozatu genuen eta giro onean egin genuen lan.

Aupa GometxEROAK!


Tutoretza, bertze bulkada bat azkeneko espringean

Euskal Herriko itzuliko txirrindularien pare, gu ere bagoaz antzinera, tandema hartuta ziztu bizian!

Gutti falta da Aste Santuko oporrak hartzeko. Ordurako lan guztiak entregatu behar ditugu eta erlojupekoak antzinera segitzen du.

Tik-tak-tik-tak...

Josemirekin bertze tutoretza bat izan dugu. Taldekide berria ezagutzeko aukera izan du, Maier Irazusta, eta Bolivian bizitu dituen gora-beherak konpartitzeko aukera izan dugu denok. Han ikusitakoaren gainean solastu da Maier eta zer pentsatua eman digu denoi.

Lanean nola goazen azaldu diogu Josemiri. Manifestua akabatzeko punttuan dugula erran diogu eta murala ere berdin. Animatuta ikusten gaituela aitortu digu eta pozten dela gure jarrera gogotsuaz.

Guk ere estimatu dugu bere jarrera irekia. Motibatu gaitu eta azken txanparako bulkada polita eman digu.



Ez da aunitz gelditzen. Hurrengo astean hartuko ditugu Aste Santuko oporrak eta bueltan IKTen konparaketen lanaren aurkezpena egin behar dugu klasean. Lugaritzeko erakusketa osatu eta ikustera joateko aukera ere izanen dugu. Gogo haundia dugu. Orain PREZIrekin borrokan gabiltza eta programa nola erabiltzen ikasten. Aurkezpena programa horrekin eginen dugu.

Azkeneko txanpan sartu berri, ilusioz segitzen dugu lanean. Josemik jarrera interesduna eta positiboa agertzen du gurekin. Muraleko argazkiak erakutsi dizkiogu eta aunitz gustatu zaizkiola erran digu. Manifestuari ere itxura ona hartu dio. Bide onetik goazela eman digu jakitera.

Lehenbiziko egunetik hagitz motibatuta hartu dugu ikasgaia eta irakasleak ere sumatzen du jarrera hori.

Aunitz ari gara ikasten eta gainera gustura. Ezin gehiago eskatu!

Orioko argazki-sesioa


Gaur goizean Orion izan gara. Murala egiteko aitzakian, lagun baten lokala argazki-estudio bihurtu dugu. Tela beltz batekin dekoratua montatu dugu, foko haundi batzuk lortu ditugu (ETBko Hitzetik Hortzera programakoak) moketa paratu dugu lurrean... guztia prest argazkia ateratzeko!

Helburua irakaslearen identitateaz eta ikasleen hezkuntzaz hausnarketa sakona egitea da. Hausnarketa hori modu original eta dibertigarrian erakutsi nahi dugu. Horretarako, metafora sakonak erabili ditugu. Sei pertsonaje sortu ditugu eta pertsonaje bakoitzak ideia bat adieraziko du. Horrelaxe osatuko dugu murala.

Goizean goiz, argia hasi orduko, Orion bildu gara sei taldekideak. Dekoratua aste hondarretik montatuta utzia genuen eta gaurko lana argazkia ateratzea izan da. Beñat Solaberrieta klasekide eta laguna izan da argazkilaria.

Irri artean momentu goxoak pasatu ditugu. Argazki hauetan prestakuntza lanak ikus daitezke. Elkar margotu dugu, mozorroak trukatu ditugu, ideia berriak eman dizkiogu elkarri... talde-lanean aritu gara. Aunitz gozatu dugu guztiok.

Ez da lehenbiziko aldia gisa honetako lana egiten dugula. Joan den urtean Estitxu Aberasturirekin plastika ikasgaian Mikel Laboaren lehiaketarako lana egin genuenean sormen-lan bitxia bururatu zitzaigun eta Etxalarren ateri genuen argazkia, nire baserrian, body-paint eginez. Ikaragarri gozatu genuen eta aurten ere horrelako esperientzia ona errepikatzea pentsatu dugu.

Erran eta egin.

Ideia egokia izateaz gain, dibertigarria izatea kontutan hartu dugu eta lortu ere lortu dugu. Aunitz disfrutatu dugu argazki-sesioan. Gozamena izan da. Bai prestakuntza-lanetan, bai argazki-sesioan hagitz momentu onak pasatu ditugu. Emaitza edozein dela ere, bidean gozatu izanak balio haundia du. Eta hori behintzat lortu dugu.

Guk uste genuen muralak koxkorra izan behar zuela tamainaz. Mural bat, alegia. Hala ere, Estitxu Aberasturi irakasleak erran zigun orrialde baten tamainakoa egin behar genuela. Desilusio ttiki bat hartu genuen, gure asmoa argazkia kalitate haundian ateri eta paretean paratzeko moduko kartel koxkorra egitea zelako. Reflex digitala erabili dugu horretarako, argazkiak kalitaterik handienean ateraz. Saiatuko gara gure murala tamaina haundixeagoan egiten. Gustatuko litzaiguke. Ea erakusketan txoko ttiki bat uzten diguten.

Hala ere, oraindik murala osatu beharra dugu. Momentuz argazkia egin dugu baina orain fotoshopean montaje polita egin nahi dugu. Hitzak sartuko dizkiogu, argazkiari zentzu zehatza eman... lana badaukagu. Hala ere, aurreratu samar dugu guztia.

Goiko argazkia atera ditugun zientoka argazkietako bat da. Ez da muralekoa izanen.

Kontent nago. Unibertsitateko lanak egitea ez da beti gustuko gauza izaten eta gaurkoa gozamen hutsa izan da. Bada zerbait!

Manifestua lixto!

Akabatu dugu manifestua. Sekulako lana egin dugu.

Joan den astean egunero-egunero unibertsitatean egon ginen. Ordu aunitz sartu genituen. Gustura aritu ginen lanean, motibazioz eta giro onean.

Emaitzak argi eta garbi erakusten du eskainitako dedikazioa.

Gustura gelditu gara. Lan mamitsua egin dugu, hausnarketa aunitzekoa. Formatu polita eman diogu eta diseinua dexente landu dugu.

Estitxuk eskatu zigunari segituz, orain bigarren bertsioa eginen dugu, ideiak laburbilduz. Orain egin dugun manifesetuak 69 orrialde ditu (montajea eginda 34 orrialde ingurutan geldituko da). Baina Estitxuk Lugaritzeko Erakusketarako lan motzago bat egiteko eskatu zigun. Bere asmoa talde bakoitzak irakaslearen nortasunaz eta hezkuntzaz dituen hiruzpalau ideia ateratzea da, guztiak batuta manifestu komun bat egiteko. Horixe eginen dugu. Momentuz, 17 ideia desberdinetan osatu dugu gure lana. Hortik batzuk aterako ditugu Estitxuri emateko.

Gustura gaude egindakoaz.

Goiko argazkian gaude hitu taldekideak: Nerea Ugarte, Ander Errasti eta Joseba Olagarai.

Plazerra izan da zuekin lan egitea!


jueves, 7 de abril de 2011

GometxEROAK!

GometxEROAK + Beñat (buruan antiojoak dituen guapisimoa)

Oraindik ez genuen taldeko argazkirik publikatu... eta bazen garaia!


Ezkerrean goian Jexux Buldain, bere eskuinean Nerea Ugarte, eskuinerago Beñat Solaberrieta (ikasgai hau konbalitatua izateagatik taldean ofizialki ez badago ere taldekide sentitzen duguna) bere azpian ni, Joseba Olagarai, nire azpian Ander Errasti eta bere ezkerretara Iker Urkiola.

Nabaritzen ahal denez, sekulako eguzkia egiten zuen argazkia ateri dugunean. Bai, Ander, bai, ez da zure aurpegitik hoberena. Hurrenguan guapoago agertuko zara balleteko dantzari jantzita!

Zer gozamena egun hauetako eguraldia. Gezurra ematen du apirilean gaudela! Galtza motxetan eta txankletekin gaur klasera! Hola bai!

Lehenago erran bezala, manifestua talde ttikitan egiten ari bagara ere, murala elkarrekin eginen dugu, argazkiko guztiok eta Maierrek. Beñatek ere lagunduko digu. Hurrengo astean publikatuko dut argazkiren bat. Sekulakoak izanen dira seguro!

Aupa ekipoooooooooo!!!!!!

Hezkuntzaren helburua, zoriontsu izatea


Akabatu dugu manifestua. Azkeneko formatu-detaileak ematea falta zaigu baina mamia egina dago. Kasik 70 orrialdeko manifestua idatzi dugu, inprimituta 20 bat orrialde geldituko dena.

Hezkuntzaren eta irakasle nortasunaren inguruko hausnarketa sakona egin dugu.

-Zer nolako umeak hazi nahi ditugu?

-Nolako irakasleak behar ditugu horretako?

-Zergatik ez du funtzionatzen egungo hezkuntza-sistemak? Zeintzuk dira arazoak?

-Zein proposamen egin daiteke ikasleak hobeto hezteko? Zer da hobeto heztea?

Galdera horiek eta bertze aunitz erantzun ditugu manifestuan. Gogoetan eta esperientzia pertsonalean oinarritutako hausnarketak dira, irakurtzeko, pentsatzeko eta gozatzeko.

Nahi duzu aurrerapen ttiki bat?

Bertzeak bertze, gure ustez, hezkuntzaren helburua zein den erratera ausartu gara.

Badakizu zein den?

Zoriontsu izatea. Horixe bilatu behar dute gure ustez umeek ttiki-ttikitatik. Ez dugu konpetentzietan sinesten, zein baino zein hobeagoa izatean. Zoriontasun indibidualean sinesten dugu, ume bakoitzak bere burua ezagutu eta kontentu bizitzeko egin beharreko lan luzean. Horrela bakarrik izan dezake zentzua irakasleon lanak gure ustez.

Dantzatzea, abestea, margolanak sortzea, antzerkia egitea... haurrek balore garrantzitsuak ikasten dituzte langintza horietan eta bakoitzak bere burua ezagutzeko aukera ezinhobea izaten du. Taldekideekiko harremanak, beldur pertsonalak, blokeo emozionalak… guztiarekin aurrez aurre topo egiten dute eta aunitz ikasten dute horiei irtenbidea topatzeko bidean. Plazerarekin konektatzen dute eta hori hagitz garrantzitsua da gaur egungo eskolan, ematen duelako eskolak ez duela plazerarekin zerikusirik.

Eskola sakrifizioaren eta esfortzuaren topalekua da, zoritxarrez. Gure ustez eskola plazera da, gozamen hutsa. Lagunak egin, emozioekin esperimentatu, harremanak landu… zer gehiago eskatu daiteke! Helburu hori sentiarazi nahiko genieke haurrei egunero.


Manifestuaren zati ttiki bat bertzerik ez da. Lugaritzeko erakusketara gonbidatzen zaituztegu manifestua osorik ikusteko!

miércoles, 6 de abril de 2011

Pailazoak, dantzariak, mimoak...



Mural desberdina izanen da.

Originala

Deigarria

Dibertigarria

Sakona

Zer pentsatua emanen duena

Kritikoa

Eta horretarako hainbat pertsonaia erabiliko ditugu: mimoa, balleteko dantzaria, ikasle supergaitua, ikerlaria, pailazo irribartsua, etab.

Horiek guztiak eta gehiago izanen dira gure muraleko protagonistak.

Gaur zehaztu dugu nola egin. Sei lagunen artean eginen dugu: Iker Urkiola, Jexux Buldain, Nerea Ugarte, Ander Errasti, Joseba Olagarai... eta taldekide berri bat gehitu zaigu, Boliviatik etorri berri, Maier Irazusta.

Ongi etorri aspaldiko!

Orion borobilduko dugu egunotan egin dugun lana. Heldu den astearte goizean egin dugu hitzordua eta makineria guztia martxan dugu dagoeneko.

Fokoak, makilajea, arropak, kamara... guztia prest!

Hagitz motibatuta gaude eta lan polita eginen dugu. Ez dut gehiago aintzintuko. Hurrengo posteotan emanen dugu azalpen gehiago.

GORA
GOMETXEROAK!

martes, 5 de abril de 2011

Motibazioa eta talde-lana


Gogoz eta ilusioz, sekulako abiaduran ari gara lanean. Manifestuaren ideia joan den astean paratu genuen martxan eta ordu aunitzeko lanaren ondotik, lan erdiak egin ditugu dagoenekoz.

Nerea Ugarte, Ander Errasti eta hiruok ari gara lanean. Talde-lan ederra egiten ari gara. Giro onean, dedikazio haundiz eta hagitz motibatuta, manifestu mundiala osatu dugu, nahiz eta oraindik ez dugun akabatu.

Hitzak, hausnarketak, irudiak, komikiak, kolax-montajeak... hiru urte hauetan Unibertsitatean irakasle-identitateaz sortu zaizkigun gogoetak bilduko ditu gure manifestuak. Nolako hezkuntzan sinesten dugu? Nolakoa izan behar du irakasle idealak? Zein dira egungo hezkuntza-sistemaren akatsik handienak? Zergatik dago eskola-porrota?

Galdera horiek guztiak eta bertze aunitz erantzunen ditugu manifestuan.

Kasu praktikoak sartuko ditugu, gure praktika aldietan ikusi ditugunak. Ekarpen teorikoen inguruan ere idatzi dugu, Summerhilleko eskolaz, bertzeak bertze. Nolako irakasleak izan nahi dugun, egungo eskola-sisteman zer aldatu nahiko genukeen... hausnarketa sakonak eta zer pentsatu haundia ematen dutenak sartu ditugu manifestuan. Irakaskuntza ikuspuntu kritikotik aztertuko dugu, irakurleak gustura eta autokritika eginez irakurri dezan.

Itxura eta formatuari garrantzia haundia emanen diogu. Koloreetako orriekin eta diseinu originalarekin sortuko dugu manifestua.

Oraindik akabatu ez badugu ere, lan txukuna eginen dugun ziurtasuna dut. Gogoz eta motibatuta lan egiteak emaitza onak ematen ditu beti.


Tonucci komikigile ezagunaren irudiak erabiliko ditugu lanean, irakaskuntza ikuspuntu kritikotik baloratzen aunitz laguntzen dutelako. Orri honetakoak dira adibideetako batzuk.