jueves, 3 de junio de 2010

Ebaluaketa pertsonala

HIRUZPALAU HITZ, HAUSNARKETA GISA

Azkeneko klasean ikasgaiaren ebaluaketa egiteko eskatu digu Estitxuk; zein alderdi positibo izan dituen gure ustez, eta zein alderdi hobetuko genituzkeen.

Irakasle txarrak ditugunean "zein txarra den" errateko abilidade berarekin idatziko ditut lerro hauek, hain juxtu aldrebesko ikuspuntuarekin. "Zein irakasle ona den" erratea gehiago kostatzen da batzuetan, baina ikasgai honetan bizitu dudan esperientziarekin, merezimendu osoz, ongi irabazitako ebaluaketa positiboa eginen dut jarraian.

Ikasgaia planteatzeko modua ezinhobea izan da. Ikasgai praktikoa izan da, ekintza eta esperimentu aunitzekoa. Ordenagailua erabili dugu, margoak, musika, liburuak... ateraldiak egin ditugu, artelan desberdinak ikusteko aukera izan dugu, talde-lanean aritu gara, bakarka, etxean, kalean, gelan, Artelekun, Tabakaleran... aunitz mugitu gara eta ikasi ere, aunitz ikasi dugu.

Nerea eta Iker, Mikel Laboaren musika entzuten eta marrazkia egiten.

Plastikari beldurra nion. "Txar mortala naiz pintatzen, ez dut ideiarik ere!" erraten nuen beti. Ez dut sekula margolan bat egin, ezta eskultura bat ere, uste nuelako "txarra" nintzela. Ikasgai honekin ikasi dut ausartzea dela inportanteena. Eskolan ematen diguten plastika-irakaskuntzarekin, gozatzeko bide baino, perfekzioa lortzeko bidea dela ikasten dugu, eta perfekzio horretarako gaitasun perfekturik ez dugunok, kanpo gelditzen gara, "zein txarrak garen" erranez.

Hilabete hauetan ikasi dut helburuak ez duela hainbertze inporta, eta bidea plazer hutsa dela. Ez da koadro edo eskultura perfektua egin beharrik, ezta emaitza txundigarri bat lortu beharrik ere. Plastikaren bidez gozatzea lortuz gero, bidean alegia, helburua lortu duzu. Horretarako balio izan dit ikasgai honek.

Ikaragarri disfrutatu dut lanean, bai bideoa egiten, bai Mikel Laboaren body-paint lanarekin ere. Agian emaitzak ez dira mundialak, baina emaitza horretara ailegatzeko egindako bidea hagitz ona izan da. Eta horrexekin gelditzen naiz.

Margotzeari gustua hartu diot, batez ere Estitxuk Mikel Laboaren abesti bat paratu eta horrek sugeritzen ziguna paperean margotzeko proposamena egin zigunean. Ttikitako oroitzapenak ekarri zizkidan eta "ume artista" sentitu nintzen momentu batez. Aunitz gozatu nuen marrazkiak egiten. Hauexek dira:



Bideoa grabatzen ere esperientzia ederra bizitu nuen. Nire bikotearekin eta bi lagunekin egin nuen lana eta talde polita osatu genuen bai ideiak ateratzerakoan, bai grabatzerakoan. Alderdi negatibo bakarra izan zuen: nere etxeko bainuontzia ataskatuta gelditu zela eta komuna hiru aldiz garbitu behar izan genuela lehen zegoen bezala gelditzeko.

Mikel Laboaren lana egitea ere plazer hutsa izan zen. Ander, Iker, Maier, Nerea eta bortzok egin genuen lana, hainbat laguntzailerekin batera. Ikaragarri gozatu genuen. Azpiko argazkian denok elkarrekin gaude.

Taldekideak, ezkerretik eskuinera, Iker, Nerea, Maier eta ni. Behean, Ander.

Plastikari gustua hartu diot, iritzi kritikoa garatu dut egungo eskoletan plastika emateko moduari buruz, lanak egiten aunitz gozatu dut eta ikaragarri ikasi dut plastikaren inguruan.

Alderdi negatibo bakarra ikusi diot ikasgaiari. Bideoak egiten hasi baino lehen, eredu bat erakutsi zigun Estitxuk klasean eta, nahi gabe, talde guztiek eredu hori "kopiatu" dugu, bakoitzak bere erara, baina ideia berarekin. Egokiagoa litzateke hasieran ez eredurik erakustea, ideia libreak garatu daitezen, eta talde bakoitza bere ideiarekin martxan dagoenean, orduan bideo ereduak erakustea. Bertzela, lan guztiak berdinak ateratzen dira.

Horretaz gain, ikasgai ederra izan da. Irakasleaz gain, azpiko argazkiko lagunek ere kulpa handia izan dute. Hortaz, eskerrik asko Iker, Ander, Maier eta Nerea. Onenak zarete!



LAUTIK 2 EDO 3