viernes, 19 de febrero de 2010

Fernando Hernández eta Juana María Sancho

Autobigrafien balioa irakaskuntza prozesuan

Aurreko posteoan aipatu bezala, berehala konturatu naiz autobiografien ikasketa-baloreaz. Tonto-tonto, nire txikitako plastika garaiez oroitzen hasi eta lehenbiziko ikasgaia jaso dut ezustean. Ez dago zalantzarik: autobiografiek jakintza pedagogiko handia ematen dute.

Konturatu naiz oroitzapenak ez direla kasualitatez etortzen; erranahi bat dutela, balio sinboliko bat. Nire kasuan txikitako plastika-garaiez oroitzeak bi mundu erakutsi dizkit, zehatzago, plastikaren bi aurpegi desberdin: markatutako bide bat jarraitzeaerna eta irudimen libre kreatiboarena.

Balore hori azpimarratzen dute Fernando Hernández eta Juana María Sancho Bartzelonako Unibertsitateko irakasleek ere “el papel de la formación en las historias de vida del docente” testuan. Autobiografien ekarpena nabarmentzen dute: “la contribución que la reconstrucción biográfica realiza a la autorización y el reposicionamiento del profesorado” aipatzen dute. Izan ere, irakasleen jardunean autobiografiek balore sinboliko handia dute. Zer edo zertaz oroitzea baino urrunago doan lanketa prozesua da. Nolabait, geroz eta pluralagoa eta aldakorragoa den gizartea ulertzeko pistak ematen ditu, bizimodu zehatz baten isla eskainiz.

Hitz hauek nabarmentzen dituzte bi irakasleek: “los relatos biográficos siempre hacen referencia a la singularidad de una vida, reflejan también la colectividad social del suejto”. Hortaz, balore teoriko, politiko eta formatibo handia dute. Gizartea irakurtzeko modu bat eskaintzen digute. Eta noski, norberaren eboluzio pertsonala irakurtzeko are informazio gehiago. Nik neronek nire larrutan sentitu dut.

Honako ideia azaltzen dute Hernández eta Sanchok artikuluan: “la investigación a partir de relatos biográficos de docentes permite comprender aquello que el razonamiento lógico formal deja marginado: la experiencia humana en sus acciones e intencines”. Ezer gutxi gehiago gehitu daiteke. Irakasleen irakaskuntza jardunean erreminta hagitz ona dira autobiografiak, gaur egun erabiltzen dena baino gehiago erabili beharko litzatekeena.

Atzera begirada

Oroitzapen autobiografikoak, bi munduren agerpena

Autobiografien inguruko ariketa egin dugu aste honetan. Umetako ikastola-garaiez oroitu behar izan dut eta ez da erraza izan. Buruari eragiten denbora dexente pasatu dut eta plastikaren inguruko gauza gutxi oroitzen ditudala konturatu naiz.

Hala ere, pare bat anekdotaz oroitu naiz eta nahiko adierazgarriak iruditu zaizkit, nolabait, bi mundu agertu zaizkidalako parez-pare.

Azalduko dut:

Alde batetik, gometsez oroitu naiz, umetako nire jolas kuttunenetakoaz. Bai eskolan bai etxean gometsak jartzea ikaragarri gustatzen zitzaidan. Eskolan forma eta kolore desberdinetakoak genituen eta plazera zen niretzat han eta hemen jarri eta kentzea. Jolas hutsa.Etxean berriz, Olentzerori gometsak jarri eta kentzeko ipuinak eskatzen nizkion. Marrazkien gainean itsatsi beharreko pegatinekin jolastea ere hagitz gustagarria zitzaidan.

Bertzetik, egun batean klasekide guztien artean egin genuen muralaz oroitu naiz. Tenperekin egin genuen. Bakoitzak nahi zuen kolorea hartu eta modu librean muralean bere zatia margotzen zuen, pintzelekin nahiz eskuekin. Guztiz librea zen. Hura bai zela gozamena! Inoiz baino gehiago disfrutatu nuen. Dena libre, araurik gabe eta agindurik gabe.

Eta zergatik oroitu naiz bi anekdota horietaz? Zergatik gometsez eta muralaz? Hemen datoz bi munduak.

Plastikaren bi aurpegi

Estitxu irakasleak egindako interpretaziaoren arabera, bi munduren isla dira gometsak eta murala: ezarritako bide bat jarraitzen ikasi behar dugun mundua, eta kreatibitatea lantzen ikasteko mundua.

Erabat ados nago bere hausnarketarekin. Izan ere, gometsak erabiltzen genituenean, bertzeak bertze, lerro zuzen bat markatzeko erabiltzen genituen. Orri txuri batean lerro bat zegoen eta gure helburua gomets guztiak bata bertzearen gibelean jartzea zen lerro zuzena osatu arte. Hortaz, helburua lerro zuzen bat egiten ikastea zen. Horretarako, zerbait kreatiboa erabiltzen genituen (gometsak) baina helburua ezarritako bide bat jarraitzea zen.

Muralak berriz, guztiz kontrako mundua erakusten du; askea, mugarik gabea, aurrez ezarritako pautarik gabekoa. Tenpera hartu eta guk nahi bezala margotzen genuen, sormenari bidea irekiz. Bakoitzak nahi zuena egiten zuen, barrenak eskatu bezala. Koloreak, formak, tamainak, erranahiak.. guzita zen librea.

Gometsak eta murala. Ezarritako bidea eta sormen-bidea. “Ikasi hau egiten” vs “nahi duzuna egin”. Plastikaren bi aurpegi eta bi funtzio. Sormena erabiltzeko bi modu.

Ezin bertzerik erran: autobiografiak sekulako garrantzia dauka ikasketa-prozesuan eta jakintza pedagogikoak ulertzeko lanean. Lan honek hori erakutsi dit.



Umetako oroitzapenak hona ekartzea ez da erraza izan.

viernes, 12 de febrero de 2010

Bideoa: Ken Robinsonen hitzaldia

Eskolak sormena hiltzen du?

Ken Robinsonek haurren heziketa du hizpide, eta zehatzago, umeen sormena. Honako esaldiekin hasten du diskurtsua: “Guztiok dugu interesa heziketan, bertzeak bertze, ulertu ezin dugun etorkizun batera garamatzalako”. Eta egia da. Ezjakintasuna polita da, erakargarria. Aurrera jarraitzeko motibatzen gaitu. Eguneroko lanak zein fruitu emanen duen ez jakiteak lanarekiko interesa handitzen du eta emaitza positiboak ematen dituenean, aunitzez zoriontsuago egiten gaitu. Honekin lotuta, sormenaren balorea hartzen du abiapuntu.

Robinsonek azaltzen duenez, “umeek sekulako potentziala dute inprobisatzeko”. Ados nago. Haurrak artista hutsak dira arau bidez ezarritakoa apurtu eta burutazio berriak eskaintzeko. Hori nola bideratu da irakasleon erronka. Ados nago ume guztiek sekulako talentua dutela dioenean, eta dedikazio pertsonala eskaini ezean, galduarazi egiten diegula. Ez diegu sormen-gaitasuna esplotatzen uzten. Sormena hezkuntza-prozesuko ikasbiderik garrantzitsuenetako da Ken Robinsonek ongi dioen moduan, baina nola egin hori bide egokitik eramateko?

Hanka sartzea, sormenerako aukera ezinhobea

Umeek ez daukate hanka sartzeko beldurrik. Horrek balore handia du sormena garatzeko orduan. Ez dute gauzak zuzen egiten saiatu beharrik, eurei berdin baitzaie nolakoa den gauza bat berez. Bakoitzak berea egiten du, bere moduan. Bideoan aipatzen da 6 urteko neska bat Jainkoa margotzen ari zela eta irakasleak, harrituta, honakoa esan ziola: “baina inork ez daki nolakoa den Jainkoa!” Eta neskak erantzun: “minutu batetan jakingo dute”.

Hori da sormenari emandako balorea eta segurtasuna. Egiten duzun hori ongi dago, edozein modutakoa izanda ere. Eta gainontzeko guztiei erakusteko gogoa duzu, ongi dagoen segurtasunarekin. Izan ere, hanka sartzeko prest ez dagoen pertsona inoiz ez da zerbait originala egitera ailegatuko. Eta umeek horretan sekulako potentziala dute.

Hezkuntza tradizionala eta bide alternatiboak

Hezkuntza tradizionalak “zuzentasuna” erakutsi die haurrei. Zer den ona, eta zer txarra. Zein de jarraitu beharreko bidea, eta zein ez. Jakintza mota bat transmititu zaie, bide bat markatuz. Horrek bide alternatiborik ez egotea eragin du eta umeek bide hori bakarrik jarraitzeko erabakia hartzea. Horren ondorioa zein den? Umeek hanka sartzeko aukerak galtzen dituzte eta horrekin batera sormena lantzeko bideak hartzeko aukera alde batera uzten dute.

Ez zaie esperimentatzen uzten. Ezin dute beren kasa sentitu eta sortu. Sentitzeko eta sortzeko modu bat dago, bide bat. Hortik ateratzen dena zigortu egiten da. Gaizki dago. Arriskatzeko beldurra sortzen diete umeei. Eskerrak hori egunetik egunera aldatzen ari den, baina hortxe dago, oraindik ere, hezkuntza sistemaren eta irakasleon erronka: umeak sormen gaitasunetatik abiatuta heztea, bakoitzak bere bidea egin dezan utziz.

Zer gertatzen ari da?

Gogoeta irakasleen funtzioaz eta formazioaz

Fernando Hernández Univertsitat de Barcelonako irakasleak idatzitako artikulua oinarritzat hartuta, irakasleen funtzioaz, lanaz, rolaz eta formazioaz gogoeta ttiki bat egin dut.

Artikulu horrek hainbat puntu interesgarri aipatzen ditu. Atentzioa eman didan lehenbizikoa “debería” eta “tendrían que” esaerak abiapuntu hartuta (“egin beharko lukete”, alegia) autoreak irakasle-estilo zehatz bati egindako kritika izan da. Irakasle rol bati baino gehiago, hezkuntza-sistema bati zuzentzen dio kritika autoreak: “Nosotros los formadores somos propensos a hablar utilizando el imperativo: los profesoren deben hacer esto, tienen que hacer esto”, aipatzen du Fernando Hernándezek. Hasteko, gai horretaz solastatuko naiz.

Hezkuntza-sistemaren aldaketa: garapen pertsonala eta emozioak

Duela belaunaldi batzuk arte hezkuntza-sistema jakintzak transmititzean oinarritzen zen. Irakasleak bazekien eta ikasleek ez. Beraz, irakasleek ikasleei erakutsi egiten zieten. Ume bakoitzaren autonomia, garapen pertsonala, emozioak… ez ziren kontuan hartzen. Urteen joanean, aldaketa egon egon da, eta hagitz onuragarria gainera. Gaur egun umeekiko harremana –bai fisikoa, bai emozionala- hurbilagoa da. Baina nire ustez ez da nahikoa.
Uste dut hezitzaileon begirada aldatzea beharrezkoa dela eta umearen gaitasun eta konpetentzia indibidualei gehiago erreparatu behar diegula. Ume bat pertsona emozionala da eta horixe ulertzea da hezkuntza-lanerako oinarrietako bat. Eta noski, hori irakaslearen esku dago hein hagitz handi batean. Hori burutzeko berriz, irakasleen formazioak berebiziko garrantzia dauka.

Debería” edota “tendrían que” bezalako esaerek araua markatzen dute, eta modu horretan bide bat markatzen da. Bidea makatzeak alternatibarik ez egotea eta bidetik ezin ateratzea aurreikusten du”, nabarmentzen du Hernández irakasleak. Erabat ados nago horrekin, gaur egungo sisteman ez baita zilegi gauzak “egin behar dira” erratea. Nire ustez, emozioen bidetik, umeak “nahi izatea” da giltza, ez “behar izatea”.

Aukeraketaren eta erabakiaren giltza: “Tener que” eta “querer”

“Tengo que” erramoldeak obligazioa, inposaketa eta beharra adierazten ditu. Nahi izateak aldiz, aukera bat markatzen du, norberak libreki egindakoa. Hortaz, egiten ditugun ekintzen erantzule gara eta, ondorioz, egiten dugunak erabat betetzen ez bagaitu ere, atsegina eta plazera eman diezaguke. Ez da atseginik existitzen “tengo que” adierazpenetik abiatutako ezertan. Aukeraketa eta erabakitan ikaslea bera egiten da erantzule, bera da bere buruaren jabe, erabat bera da.
Beraz, zalantzarik gabe, goitik beherako irakaskuntza, “tengo que” adierazpenean oinarritutakoa, erabat lekuz kanpo dago nik irakasle rola ulertzeko dudan moduan. Aukera eta erabaki pertsonaletan sinesten dut, umearen beraren nahiak kontutan hartuta bere gustuen eta premien arabera sortutako sisteman. Artikuluaren idazleak, nolabait, honetara bideratutako ideia plazaratzen duela uste dut eta nik erabat ados nago.

Jakintzen transmisioa, kadukatutako sistema

Bertzetik, irakaslearen formazioa aipatzen duenean, honakoa dio artikuluaren egileak: “En la mayoría de los casos al profesor se le forma para que sea un buen “aplicador” de materiales y de pruebas, mientras que la industria escolar se frota las manos por los pingües beneficios que obtiene". Gaur egungo Irakasle Eskolen akatsik nabarmenetakoari egiten dio erreferentzia nire ustez. Unibertsitatean materia erakusten digute, hangoa eta hemengoa, honetaz eta hartaz, bertzerik gabe. Jakintza batzuk gure eskuragarri paratzen dituzte, guk, irakasle garen egunean, ikasleei aplikatu diezazkiegun. Baina non daude esperientzia pertsonalak? Non kasu pertsonalizatuak? Non umeen jarrera emozionalen ulermena? Jakintzen transmisioa kadukatutako sistema da. Gaur egun aunitzez haratago doa irakaslearen funtzioa.

Honekin loturik artikuluak aipatzen duen “generar saber pedagógico” zatiak atentzioa eman dit.

Esperientzia pertsonala, ezagupen iturri garrantzitsua

Honakoa dio Fernando Hernández irakasleak: “Hay grupos o seminarios que se han creado con la finalidad de generar saber pedagógico a partir de reflexionar e investigar desde el compartir prácticas en el aula y en la escuela”. Honek erran nahi du unibertsitateko irakasleek haurrekin izan dituzten esperientzia pertsonalak ezagupen iturri garrantzitsua direla eta bertze formazio mota batean laguntzen eskaintzen dutela, ideiak elkarbanatuz eta esperientziak elkartrukatuz. Honek ere garrantzia handia duela pentsatzen dut. Izan ere, sare sozialekin lotu daitekeen ikaskuntza-mota bat da eta esperientziak harremanetan oinarritzen direnez, guztiok ikasi dezakegu guztiongatik. Hori ere nabarmentzen du artikuluaren autoreak eta erabat ados nago berarekin.

Edozeinek ez du balio irakasle izateko

Bukatzeko, Finlandiako kasua ere aipatu nahi dut. Han guztiek ez dute balio. Edozein ez da gai irakasle izateko. Horixe defendatzen dute. Eta erabat ados nago. Gehiago oraindik: irakasleen formazioan elementurik garrantzitsuenetakoa dela uste dut. Ezin dute nahi duten guztiek irakasle izan. Ezaugarri minimo batzuk bete behar ditu irakasleak, medikuak edo arkitektuak bete behar dituen bezala. Hala ere, ez zaio bertze lanbide batzuetako profesionalei ematen zaien exigentzia-mailarik eskatzen unibertsitatean eta horrek eragin zuzena dauka umeen eskoletako heziketan.

Fernando Hernándezek garbi dio: “el argumento que se esgrime es: no se puede poner a nuestros hijos e hijas en manos de cualquiera” eta halaxe da. Finlandian sentsibilitate soziala, enpatia, komunikaziorako gaitasuna, gaitasun artistikoak, teknoogiak eta informazioa maneiatzeko ahalmena, etab. aipatzen dira. Eta garrantzia ikaragarria duela uste dut, gurean ez baitzaie elementu horiei behar adinako balorerik ematen eta hortxe dago egungo hezkuntza sistemaren porrotetako bat. Nik argi daukat: edozeinek ez du balio irakasle izateko.

Ikasgaiaren lehenbiziko hausnarketa

Motibazioz eta ilusioz lehenbiziko pausuak


Lan-kontuak medio, modu berezian segituko dut ikasgai honen martxa. Ez dut beti eskoletara etortzerik izanen, eta bakarka eginen ditut irakasleak proposatutako lanak. Klaseetara ahal dudan guztietan etorriko naiz, beti ere errazago segitzen baita horrela plangintza, baina etortzerik ez dudanetan, etxetik eginen ditut lanak, entrega-datak errespetatuz.


Hori guztia adosteko, irakaslearekin solastatu nintzen ikasgaiaren lehenbiziko egunean. Turoretza-ordua probextuz, asignaturaren nondik-norako guztiak azaldu zizkidan, xehe-xehe.


Lehenbiziko inpresioa hagitz ona izan zen. Unibertsitateko ikasgaien alderik negatiboena, orokorrean, praktikotasunean dago, irakasle guttik ematen baitigute irakaskuntza mundu errealean aplikatu ahal izateko materiarik. Teoria aunitz bai, eta interesgarria maiz, baina erabilgarritasun guttikoa. Ikasgai hau aldiz, ez da apunte batzuk ikasi eta azterketa gaindituta pasatzen. Aunitzez eraginkorragoa den inpresioa eman dit, lehenbiziko begiratuan behintzat.


Kanpora ateraldi pare bat egiteko ideia dauka irakasleak; Koldo Mitxelenara eta Artelekura. Bartzelonako Unibertsitateko ikasleekin ere bideokonferentzia eginen omen dugu esperientziak elkartrukatzeko. Eta Haur Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin ere harremanduko gara, gure lanetan tutore-lanak bete ditzaten. Hori guztia hagitz aberasgarria iruditzen zait, elkarlanaren bidez dexente ikasten delako eta esperientziak elkartrukatzea balorazio pertsonal eta kritikoak egiteko modurik onenetakoa delako.


Hortaz gain, sare sozialen garrantzia nabarmenduko nuke eta klasean erabiltzeko proposamena modu onean baloratu. Izan ere, modu horretan momenturo izanen dugu elkarren berri eta ikasgaian bertze klasekideek egindako lanak segitzen ahalko ditugu. Erreminta ezin hobea iruditzen zait ikaskuntzarako.


Hortaz, a priori, hagitz motibatua hasiko dut ikasgaiaren ibilbidea. Espero dut bukaerara jarrera horrekin ailegatzea. Ikusiko dugu.