miércoles, 3 de marzo de 2010

Nondik gatoz? Bideoaren lehenengo zatia

Ni ere artista nintzen

Testuak irakurrita, bideoak ikusita, eta ariketa guztiak eginda, honako ideia atera dut bideoaren lehenbiziko zatia grabatzeko: artista izatetik gatoz. Pertsona guztiok berezko dohainak ditugu, ume-umetatik dakartzagunak. Artista hutsak gara. Baina eskola-sistemaren erruz, dohain horiek ez ditugu batere garatzen. Alderantziz: gorde egiten ditugu, estereotipatutako plastika ortopediko baten mesedetan.




“Margotu borobil hau barrutik”, “jarri gometsak lerro zuzenean”, “kopiatu marrazki hau, berdin-berdina egiten saiatuz”, “zuk bai margotu duzula ongi, marratik atera gabe”, “zenbatez irudi errealagoa egin, orduan eta politagoa izango da”… horrelako esaldiekin sormena geroz eta barrenerago eramaten digute, geroz eta gehiago gordez.

Marrazki libreak konpasarekin neurtzen direnean

Haur Hezkuntzatik hasi eta D.B.Hko azkeneko mailara arte, plastika geroz eta neurtuagoa bihurtzen joaten da. Askatasuna mugatu egiten digute. Marrazki libreak konpasarekin neurtutako borobil bihurtzen dira. Irudiak errealak izan behar dute. Abstrakzioak ez du lekurik. DBHn ematen den plastikak marrazki bezainbertze letra ditu. Guztiak esplikazio bat dauka eta ikasleei esplikazio hori ematen zaie: zer den lerro zuzena, zenbat gradu dituen borobilak, nolakoak diren hiruki ekilateroak, isoszeleak eta eskalenoan… guztiari arrazoiketa objektibo bat bilatzen diogu. Deus ez da libre.



Artista galduaren bila

Funtsean, pertsonak abstrakziotik gatoz. Zentzurik gabeko lerro eta koloreetatik. Umeak beren sentimenduak adierazteko gai dira pintzel bat eta hiru akuarela kolorerekin. Beraiek momentuan sentitzen dituzten emozio guztiak marrazki batean islatu ditzakete, inongo patroiren beharrik gabe. Hori da artea. Artistak sentitzen duena, bide bat erabiliz (igual dio zein) modu batean edo bertzean adieraztea. Zer da ba artea hori ez bada?

Ni ere artista nintzen. Ikaragarri gustatzen zitzaidan akuarelekin jolastea, baina ez zidaten barreneko artista hori garatzeko aukerarik eman.

Inprobisazioa, abstrakzioa

eta emozioen momentuko adierazpena



Nire bideoaren lehenbiziko zatiak zentzurik gabeko artea erakutsiko du.


Inprobisazioa.

Abstrakzioa.


Emozioen momentuko adierazpena.


Freskotasuna.


Umeen artea agertuko dut.


Naturala.


Momentukoa.


Aurreiritzirik gabea.


Sentimenduzkoa.


Eskolaren eraginik gabekoa.


Inpultso berdinei bakoitzak esanahi desberdina ematen die eta hori izanen da zati honen helburua.


Bakoitzak nahi duena interpretatuko du artista baten momentuko adierazpenetik.


Busto batean islatuko dut hori guztia.


Busto bat eta fondo neutro bat.


Bertzerik ez.


Bustoari gauza franko gertatuko zaizkio; abstraktuak, bat-batekoak, freskoak, aurreiritzirik gabeak, sentimenduzkoak...


Hori izanen da nire artea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario