jueves, 11 de marzo de 2010

Tabakalerako erakusketa

¿Eso qué quiere decir?

Gaur egungo eskola tradizionalak galderei erantzunak ematen dizkie. Horretarako prestatu gaituzte ttiki-ttikitatik. Ikasleak ez daki, irakasleak bai. Eta irakaslearen funtzioa ikasleari erakustea da. Sistema berriz, galdera-erantzuna. Goitik beherako sistema, dakienak ez dakienari erakustea.

Bakoitzak hausnartzea eta erantzuna bilatzea ez da zilegi. Esperimentatzen ez digute uzten. Deus gutti da librea.

Plastika horren adibiderik garbiena da. Ttiki-ttikitatik erantzunak behar ditugu. Zer da hori? “Hori borobila da”. Eta zein kolore da hori? “Berdea”. Galderak egitea azalpenak behar izatearen ondorioa da. Guztiari definizioa ematen erakutsi digute.

Umeen mundua vs Helduen mundua

Aurrez aunitzetan aipatu dudan bezala, ume bakoitzak artista handia dakar barrenean sortzen den momentutik. Haur Hezkuntzako ikasleekin erraz ikus daiteke. Marrazki librea egiteko erranda, sekulakoak egiten dituzte, bakoitzak bere erara, guztiek desberdin. Eta irakaslearen lehenbiziko galdera “zer da hori? Zer egin duzu?” izaten da. Eta ikaslea esplikatzen saiatzen da: “hau zerua da eta horkoa ekaitza”. Edo agian ez. Agian ez daki zer egin duen. Barrenetik hori atera zaio eta ez da gai hitzez azaltzeko.


Murala

Oroitzen naiz ttiki-ttikitan egin genuen mural handi batekin. Mural librea zen. Bakoitzak nahi genuena egin behar genuen eta gelako paretan jarri. Gurasoak etorri ziren eta seme-alaba bakoitzari galdetzen hasi ziren: “zein da zure zatia? Eta zer erran nahi du horrek? Zer da hori?” Oroitzen naiz ez genekiela erantzuten. “Ez dakit, ama”. Gure mundua bertze bat zen. Sentimenduena. Emozioena. Sentitu genuena egin genuen muralean. Pentsatu gabe. Baina helduen mundua bertze bat izaki, azalpen bat nahi zuten, murala ulergarri eginen zuen zerbait; berbalizazio bat. Eta gu ez ginen kapaz.

Lan-kontuak tarteko, ezin izan nuen klasekideekin Koldo Mitxelenara joan eta Tabakalerako erakusketan egondu nintzen. Horixe ikusi nuen han. Jendeak zergatiak jakin nahi ditu. Azalpenak. Sentimendu eta emozioak hitz bihurtu. Guztia logiko bilakatu.


Siliziozko ametsak: zientzia eta teknologia arte bihurtuak

Tabakalerako erakusketa zientziaren, teknologiaren eta artearen arteko disziplinartekotasunaz ari da. Arte-adierazpide berriak nabarmentzen ditu eta esparru horretako sormen alor berezi eta inpaktantea erakusten du. Esperimentazioak eta berrikuntzak ikus daitezke. Logika garbirik gabeko asmakuntzak. Erranahi anitzeko esperimentuak. Zientziaren matematikotasunetik sortutakoak izanda ere, emozioen munduari estuki lotutako adierazpenak dira.

Kontrastea ikaragarri gustatu zitzaidan. Ederra da ikustea zientziaren mundu perfektuak artearen mundu abstraktuarekin zein ezkontza polita egiten duen.

Erakusketa iluna da. Misteriotsua eta beldurgarria. Txoko batzuetan benetako izua pasatzen da. Bi lagun joan ginen erakusketa ikustera, goizez, inor ez zebilenean. Irriz sartu ginen baina momentu batzuetan aurpegia ere aldatu zitzaigun. Txoko ilunak daude Tabakalerako aretoetan. Musika makabroarekin. Hutsik. Eta erakusketaren barrenean sartuko bazina bezala da. Erakusketak zu irentsiko bazintu bezala. Sutila eta ederra.


Perfekziotik sortutako mundu abstraktua

Itxuraz, erakusketa osoak azalpen zientifikoa dauka. Obra bakoitza esperimentu teknologiko bat da.

Baina ez da horretan gelditzen. Esperimentuek emozio bat daukate, sentimendu bat. Bakoitzari zerbait desberdina iradokitzen diete. Nik emozio bat sentituko dut giza-gorputza inguratzen duen kaparazoi errobotikoarekin (azpiko argazkikoa), eta ondokoak bertze bat. Kaparazoia (robota) berdina da baina emozioak erabat desberdinak dira. Hori da erakusketak duen gauzarik politena. Librea da, hagitz irekia. Perfekziotik egindako gauzak artearen mundu abstraktuan sartzen dira.

Hainbat areto daude eta guzietan sartu zaitezke. Batean sartzeko ordea, ordua hartu behar da. Gela iluna da. Erabat iluna. Leku guttitan topatu daitekeen iluntasun osoa du. Barrenera taldeka sartzen da eta gidak azalpenak ematen ditu. Begia erabateko iluntasunera ohitzen denean, pezera handi bat pizten da, argi-erradiazio desberdinekin. Unibertsoaren erdian zaudela ematen du, hegan. Sentsazio arraroa da. Niri ikaragarri gustatu zitzaidan.


…¡pues no lo entiendo!

Momentu batean, gizon batek, iluntasunaren erdian, honakoa galdetu zuen: “pero esto qué quiere decir?” To galdera! Gidak artistaren azalpena bota zion ti-ta, buruz ikasia zuen bezala. Gizona ez zen konforme gelditu eta honakoa erantzun zion: “pues no lo entiendo!”.

Eta galdera da: zergatik ulertu behar da? Zergatik behar dugu azalpen logiko bat? Zergatik jakin nahi dugu artistak zer adierazi nahi duen bere obrarekin? Beharrezkoa da artistak obra nola, zergatik eta zertarako sortu zuen jakitea?

Zergatik ez emozioei bide eman? Zergatik ez gure buruari sentitzen utzi? Ez al dute azalpenek baino aunitzez gehiago balio gure sentimenduek? Erakusketako obra bakoitzak gure barrenean eragiten dituen emozioak ez al dira garrantzitsuagoak?

Zergatik jakin nahi zuen gizon hark zer esanahi zuen obrak? Ez al zuen deus sentitu iluntasun oso hartan argi txiki haien mugimendua ikustean? Zerbait eraginen zion, ezta? Eta orduan zer inporta dio azalpen logikoak?



Sentitzea da erantzuna, ez azalpen logikoa

Badirudi artistaren azalpena ulertzen badugu, orduan obra ulertzen dugula. Eta ondotik, gustatu eginen zaigu ala ez. Baina beti ere gure jakiteko beharra asetzen duen galderatik abiatuta. Inoiz ez sentimendu libreetatik abiatuta.

Haur Hezkuntzan erakutsi beharreko lezio handienetako bat ikasi nuen Tabakalerako erakusketan: bizitzan guztiak ez dauka azalpenik. Gauza batzuk sentitu egin behar dira. Sentitu eta punto. Alferrik da azalpen ulergarri baten bila aritzea, bidean emozioak galtzen ditugulako eta ez gara konturatzen bidea bera dela erantzuna. Ez bertzerik. Plastikan eta artean aplikatu beharreko lezioa da: ez saiatu azalpenik bilatzen, sentitzearekin nahikoa da ulertu eta gustatzeko.

Horretarako ariketa ttiki bat proposatzen dizuet: ikusi azpiko bideoa. Erakusketan grabatu nuen. Zer ikusten duzu zuk hor? Zer sentitzen duzu? Zein azalpen emanen zenioke ikusten duzunari? Seguru zure ondokoak desberdin sentitu eta azaltzen duela.



Edozeini gomendatzen diot erakusketa ikustea. Martxoaren 21era bitartean dago zabalik, asteartetik igandera goizeko 11:00tatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario