viernes, 19 de marzo de 2010

Arteleku: sormen librerako atea

Joan den martxoaren 12an Arteleku bisitatzen egon ginen. Deus baino lehen, ateraldia ikaragarri gustatu zitzaidala erran nahi dut. Jakin banekien leku hori bazegoela, baina ez nekien ez zertarako erabiltzen zuten, ez nolakoa zen. Interes handia neukan ikusteko eta lanean bazterrak dexente mugitu behar izan nituen egun hori libre lortzeko. Lortu nuen eta joan nintzen Artelekura.

Sartu orduko, erabat txunditu ninduen lekuak. Begiak zabal-zabalik ireki nituen hango ateak eta ahoa zabalik deskubritu nituen txoko guztiak. Ideia ezin hobea iruditu zitzaidan euskal artistek beren sormen-lanak burutzeko. Artearen topaleku bikaina da. Musika taldeek kontzertuak eskaintzen dituzte, kamisetak egiteko aukera dago, sormen-lan libreak, erakusketak antolatu daitezke… Gainera, edozeinentzat irekia dago. Dudarik gabe, artea gustuko dutenek galdu ezin duten txokoa da.

Gainera, bisita gidari baten laguntzaz egin genuen eta bai eraikuntzaren inguruko, bai bertan egiten diren lanen inguruko azalpen aunitz eman zizkigun. Tartean, litografiaren inguruko azalpen zehatzagoa eman zigun artista alemaniar batek. Eguneko momenturik berezienetakoa izan zen. Ikaragarri gustatu zitzaidan.

Unibertsitatetik guttitan ateratzen gara kanpora eta ateraldiari 10-eko nota emanen nioke. Txapó. Gehiagotan egin beharko genituzke horrelakoak.

Bizitza geometrikoa?




Bisitaren azkeneko zatian Artelekuko liburutegian informazio bila aritu ginen. Nik aukeratu nuen gaia “eskultura” izan zen eta horri buruzko liburu andana kontsultatu nituen.

Aitortu behar dut aurreiritzi dezenterekin joan nintzela. Eskultura zerbait hagitz geometriko eta perfektu gisa hauteman dut betidanik. Halaxe erakutsi didate eskolan. Eskultura lanik politenak giza irudiaren antz handiena dutenak dira niretzat. Antzinako zibilizazioetatik hasita (Erroma, Grezia, Mesopotamia…), gaur egun arte, artistak beti saiatu dira ahalik eta artelan “errealenak” egiten. Antzinako garaietan Jainkoak, agintariak edota heroiak sortzen zituzten eskulturen bidez. Gaur-egun berriz, aunitzez irekiagoak dira irudiak, baina beti ere “errealak” izateko helburuarekin.

Nik ezagutzen ditudan eskultura ezagunenak giza-irudiekin harremana dute; Lausselen Venus ezaguna, Gizeh-ren esfingea, Miguel Angelen David, La Estatua de la Libertad… guztiak “perfekzio” antzeko bat erakutsi nahi dute (batzuk behiago, bertzeak guttiago…)

Hortaz, bizitza geometrikoa agertuko zuten liburuak topatuko nituelakoan sartu nintzen liburutegira; kultura klasikoko eskulturak, alegia.


Hala ere, sorpresa galanta hartu nuen: Artelekuko liburuak erabat desberdinak dira. Ez nuen eskulturaren historiarekin lotutako liburu bakar bat ere topatu. Guztiek sormen libreko eskulturak agertzen dituzte. Nolabait, eskultura ulertzeko bertze modu bat ematen dute.

Eskultura eskoletan eman diguten historiarekin lotutako artea baino zerbait gehiago da. Libreagoa. Kreatiboagoa. Irudimena erabiliz eskultura lan bikainak egin daitezke, errealitatearekin zerikusi zuzenik ez badute ere, jende aunitzen gustagarri izan daitezkeenak.

Azpiko irudiak dira horren adibide. Artelekuko liburuetan eskultura gisa aurkezten zituzten irudi horiek. Eta halaxe dira: eskulturak.








Honi Haur Hezkuntzan aplikatzeko jarraibide zuzena topatzen diot: eskultura polit bat edozeinek egin dezake, sekulako jenioa izan gabe. Bortz urteko haurrak ere eskultura lanak egin ditzake.

Irakaslea banintz, ariketa gisa, haur bakoitzari eskultura bat egiteko eskatuko nioke. Bakoitzak nahi duen bezalakoa. Eta hori artea dela erranen nieke. Arte hutsa. Eskultura ez da Miguel Angelek egiten duen perfekzioa bakarrik. Horiek sekulako artelanak dira. Baina hortik urrunago doa eskulturaren terminoa. Guztiok gara eskulturak egiteko eta artea sortzeko gai. Horixe ikasi nuen Artelekun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario