miércoles, 3 de marzo de 2010

Hezkuntza artistikoa eta ikus-kultura

1-Zein garaiko eragina jaso duzula uste duzu?

Zalantzarik gabe 1970eko LGE (Ley General de Educación) korronteak markatu du nire ibilbide plastikoa.

Teoria vs praktika: nire eskulanak

Aunitzetan bezala, teoria eta praktika ez datozela bat konturatu naiz. LGE marrazkia eta eskulanen kontzeptu tradizionalak gainditzeko asmoz sortutako proposamena izan zen, baina nire kasuan ez zuen hori bete. Etxalarko eskolan betiko marrazki eta eskulanetan gelditzen ginen. Adierazpen plastikoa (adierazpen kreatiboa nahiz adierazpen librea) garatzeko intentzioa zuen lege honek baina Etxalar nahiko herri galdua denez, bidean gelditu zen intentzioa.



Kontxexi andereñoak landu zuen gurekin plastikaren alorra gehien. Sekulako abilezia zuen makramea egiteko, marketeria, buztinekin irudiak, punto de cruza, irudiak hari desberdinekin, marrazkiak, jostorratza erabiltzeko eskulanak… baina ez zion inoiz ere adierazpen kreatiboari biderik ireki. Ez Kontxexik, ez bertze irakasleek ere. Argazkietan ikus daitekeen moduan, kopiatuz egiten genituen eskulanak (astoa edota aulkia dira horren adibide, modelo bat kopiatuz eginak. Astoa hemen behean, eta aulkia beherago).




1970eko LGEak marrazketaz gain, pintura eta teknika ugari barneratu zituen ikaslearen adierazpen librea eta naturala bultzatzeko, baina gure kasuan ez zuen eragin handirik izan. Hori bai, soporte ezberdinak landu genituen: collagea, texturak, buztina, kolorearen teoriak… baina sormena lantzeko aukerak ahaztuz. Pocahontasen irudietan ikusten da nola hartzen genituen moldeak, han eskaiola sartuz irudiak sortu eta pelikulan bezala margotu. (Beherago daude egin genituen Pocahontasen irudiak)

Beraz, gabezia nabaria izan dut nire ibilbide plastikoan. Sormena sekula ez dugu landu.

2.- Zer gehiago landu daiteke plastikan zure hezkuntza-historan landu ez duzuna?

Hagitz garbi daukat: sormena landu beharko genuke. Gauzak egiten erakutsi digute, baina patroiak jarriz. Horiek kopiatuaraziz. Artea zer den erakutsiz. “Hau horrela da” eta “hori horrela egiten da” erranez. Baina sekula ez digute esperimentatzen utzi.

Sormena: ikustea, interpretatzea eta sentitzea

Ume guztiek ttiki-ttikitatik daukate artista bat barrenean, artearen aitzinean manifestatzeko modu pertsonalarekin. Baina ez zaio norbanakoari bere espresatzeko modua izaten uzten. Guztiok berdinak izatera eramaten gaituzte, modelo berak proposatuz eta plastika ulertzeko modu bera eskainiz.


E. Eisnererk (2004) “El arte y la creación de la mente. El papel de las artes visuales en la transformación de la conciencia” liburuan aipatzen duen ideia bat ekarri nahiko nuke lerrootara. “La creación de un poema, una pintura, un baile o una melodía se basa en la capacidad de observar, inventar y ajustar relaciones cualitativas en un medio”, dio Eisnerrek. Horra hor gako garrantzitsua. Artea ikusten, interpretatzen eta sentitzen erakutsi beharko litzatekeela uste dut. Nik ez dut sekula jakin kalean edota naturan dagoen artea identifikatzen. Ez dut mendian artelanik ikusi. Ezta nire herriko kale eta erreka ttikietan ere. Artea museotan bakarrik dagoela erakutsi didate; Tabakaleran eta Guggenheimen.

Ez dago artea ulertzeko menurik edo errezetarik. Artea ikusten eta sentitzen jakin behar da eta hori lortzeko bakoitzaren sormena libre utzi behar da, egunerokotasunean, bizitzako gora-beheretan, emozioetan, naturan, etab. sentitutakoa, bizitutakoa, arte bihurtzeko. Igual dio medioak; antzerkia, bertsolaritza, pintura, literatura… sentitutakoa arte bihurtuz, artistak sortuko ditugu.

Ikus-entzunezko artea, gaur-gaurko artea

Fernando Hernandezen testua gaur egun ikusentzuneko kulturak duen garrantziaz ari da. Identitate sortzaile papera ematen dio kultura horri, leku guztietan egoteaz gain, pertsuasiorako duen eraginagatik.

Hausnarketa ederra da. Honakoa nabarmentzen du Hernandezek: “Se asocia a prácticas culturales (…) se vincula a las experiencias de placer (…) y se relaciona con formas de socialización”. Ikus-kulturak identifikatzeko errazak diren taldeak sortzen ditu eta erakusten duten errealitatetik aunitzez haratago doan indarra dauka.



“Explorar cómo las imágenes favorecen visiones sobre el mundo y sobre nosotros mismo”, dio autoreak. Zer ikusi nahi dugun, hori erakusten digu ikus-entzunezko arteak, komunikazioa indartuz eta kultura hurbila sortuz. Pentsatzeko aukera ematen digu, hausnartzeko, kritikatzeko. Ikusten denaz haratago, atzean zer dagoen pentsatzeko parada eskaintzen du, zergatik sortu den modu horretan, zer adierazi nahi den erakusten denarekin eta zer gordetzen denarekin.

Ikuspuntu kritikotik ulertu behar dugu ikus-entzunezko kultura. Eraikitako diskurtsoak guregan zein eragin daukan ulertu behar dugu, indar ikaragarria duen kultura izanik, pertsona kritikoak izateko. Eta kritikotasun hori arma ezin hobea izanen da kultura plastikoa garatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario