viernes, 23 de abril de 2010

Visual Thinking Strategies (VTS)

Ikuspuntu kritikoaren lehenbiziko urratsak


Klasean bideo bat ikusi genuen eskola ingeles batean Haur Hezkuntzako haurrekin erabiltzen dituzten teknika interesgarri batzuen inguruan.

“Visual Thinking Strategies” (VTS) teknika azaltzen du bideoak. Sistema horrekin haurrek ikuspuntu kritikoa garatu dezaten lehenbiziko urratsak ematen dituzte. Arrazoiketa kritikoa plastikaren bidez lantzen dute. Hagitz adibide ona iruditu zitzaidan konstruktibismoa lantzeko. Umeek modu aktiboan parte hartzen dute eta haien ezagutzak ingurunearekin, sentimenduekin eta emozioekin harremanetan jartzen dituzte.

Umeek ikusten eta sentitzen duten guztia aldez aurretik zituzten ezagutzekin alderatzen dute eta buruan dituzten mundu-ikuskerarekin bateratzen dute ezagutza berria sortzeko. Modu horretan, konstruktibismoaren printzipio garrantzitsuenetako bat lantzen dute. Izan ere, jasotzen dituzten ezagutzak indartu egiten dituzte eta ikasleak ez dira modu pasiboan informazioa jasotzen duten hartzaile hutsak. Interpretazio prozesu bat da, ikusiz eta ikasiz sentitzekoa.

Sistema erraza da. Irakasleak artelan bat erakusten die umeei eta lasai-lasai hari begira uzten ditu. Ondotik hiru galdera luzatzen dizkie: 1- Zer gertatzen da argazkian? 2- Zergatik uste duzu hori gertatzen ari dela? 3- Zer gehiago ikus daiteke?

Ikasle bakoitzak, txanda errespetatuz, bere erantzunak aireratzen ditu. Irakasleak artelanera hurbiltzeko eskatzen die, bakoitzak bere ideia irudian ongi azal dezan. Horrela, gainontzeko ikasleek ongi ulertzen dute bakoitzak erran nahi duena. Guztiek iritzi desberdinak dituzte eta guztiek balio dute. Ez dago “ongi” eta “gaizki” baloraziorik.

Gisa horretan, batak bertzearekin partekatzen dituzte irudiak, sentimenduak, ideiak... Artearen bidez komunikazioa lantzen dute. Emozioak konpartitzen ikasten dute. Begiratzen ikasten dute, ondokoak entzuten, pentsatzen, eraikitzen…

Teknika hagitz ona iruditzen zait. Hala ere, zoritxarrez, hemengo ikastetxeetan ez dago hagitz zabaldua. Aurten praktikak egin nituenean ez nuen horrelakorik ikusi. Donostiako Zurriola Ikastolan antzeko teknikaren bat erabiltzen bazuten ere, orokorrean, nahiko urrun zeuden “Visual Thinking Strategies” honetatik.

Ikasleak ikuspuntu kritiko batetik hezi behar direla uste dut. Pentsatzen erakutsi behar zaie. Sentitzen. Ikuspuntu desberdinak interpretatzen. Eta hori lantzeko teknika ezinhobea da bideoan erakusten dena. Gainera, arteak aukera aunitz ematen ditu horretarako. Plastika ikasgai ezinhobea da ikuspuntu kritikoa garatzen hasten ikasteko.

Berriz ere, aitortu behar, ingelesek eredu ona daukatela eta aunitz ikas dezakegula haiengandik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario