viernes, 23 de abril de 2010

Zergatik artea bide gisa?


Arte Viva Fundazioko Gracia Lafuentek idatzitako artikuluaz arituko naiz ondoko lerrootan.

DAP programaz ari da Lafuente, pentsatzeko, hausnartzeko eta ikasteko programaz. Horrelaxe definitzen du berak: “en el programa DAP el arte es entendido como un elemento universal, integrador de culturas, que sirve para aprender a pensar y reflexionar”. Eta halaxe da zinez. Artea bide gisa planteatzen du, zerbait ikasteko herraminta gisa.


“Visual Thinking Strategies” sistema ingelesak bezala, honek ere galdera irekien sistema planteatzen du. Gai desberdinak aukeratzen dituzte irakasleek, eta haurren interesen arabera artelan batzuk hartzen dituzte. Haurren eguneroko bizitzako ekintzekin zerikusia duten gaiekin lotutako artelanak dira, eskola curriculumetik ahalik eta guttien urruntzen direnak.


40 artelan guztira. Horiekin galdera desberdinak egiten ditu irakasleak. Galdera horien ezaugarri nagusia galdera irekiak direla da: “zergatik erabili ditu margolariak kolore hauek koadroan” izan daiteke adibide bat. Ez dira inoiz “koadro honetan beroa egiten du?” bezalakoak eginen. Erantzunak ez dira “bai” ala “ez”. Debatea sortzea da helburua. Ikuspuntu desberdinak partekatu eta batak bertzearena aditzea. Solastea.


Argumentatuz eta adibideak jarriz, bakoitzak bere ideia azaleratzen du eta ez da bat bertzea baino balidoagoa. Interpretazio guztiek balio dute, erantzuna egoki sortua bada.


Modu horretan, artearen bitartez, bakoitza pertsona bezala garatzea, kulturan integratzea eta mundu honi buruzko iritzi ezberdinak trukatzea lortzen da. Artea ez da artistak helburu zehatz batekin egindako lan bat, interpretazio desberdinak eduki ditzakeen lan bat baizik. Interpretazio horiek ikasleek ikusten eta sentitzen dutenaren arabera ematen dituzte.

Horrela, integrazioa lortzen da, ikasle guztiak, beren heterogenotasunean, artearen inguruan elkartzea. Nolabaiteko talde-nortasuna garatzen laguntzen du eta artea ez da gutxi batzuentzat erreserbatutako diziplina bihurtzen. Guztiok parte har dezakegun artea bihurtzen da.

Blog honetan hasiera-hasieratik defendatu dudan ideiarekin lotuta dago DAP sistema hau: garrantzitsuena sentitzea da. Hori da artearen helburua, sentiaraztea. Ez dugu azalpen logiko zehatzik bilatu behar. Ez da beharrezkoa. Bakoitzari zer sentiarazten dion artelanak, horixe da garrantzitsuena. Horrekian gelditu behar dugu. Hori da artea.

Sistema honek galderen bidez, solasaldien bidez eta ideiak elkartrukatzearen bidez, artea modu hurbilagoan helarazten die ikasleei. Guztiek sentitu dezaketen fenomeno bihurtzen du platika, errespetua landuz eta ikuspuntu kritikoa garatzen lagunduz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario