viernes, 12 de febrero de 2010

Bideoa: Ken Robinsonen hitzaldia

Eskolak sormena hiltzen du?

Ken Robinsonek haurren heziketa du hizpide, eta zehatzago, umeen sormena. Honako esaldiekin hasten du diskurtsua: “Guztiok dugu interesa heziketan, bertzeak bertze, ulertu ezin dugun etorkizun batera garamatzalako”. Eta egia da. Ezjakintasuna polita da, erakargarria. Aurrera jarraitzeko motibatzen gaitu. Eguneroko lanak zein fruitu emanen duen ez jakiteak lanarekiko interesa handitzen du eta emaitza positiboak ematen dituenean, aunitzez zoriontsuago egiten gaitu. Honekin lotuta, sormenaren balorea hartzen du abiapuntu.

Robinsonek azaltzen duenez, “umeek sekulako potentziala dute inprobisatzeko”. Ados nago. Haurrak artista hutsak dira arau bidez ezarritakoa apurtu eta burutazio berriak eskaintzeko. Hori nola bideratu da irakasleon erronka. Ados nago ume guztiek sekulako talentua dutela dioenean, eta dedikazio pertsonala eskaini ezean, galduarazi egiten diegula. Ez diegu sormen-gaitasuna esplotatzen uzten. Sormena hezkuntza-prozesuko ikasbiderik garrantzitsuenetako da Ken Robinsonek ongi dioen moduan, baina nola egin hori bide egokitik eramateko?

Hanka sartzea, sormenerako aukera ezinhobea

Umeek ez daukate hanka sartzeko beldurrik. Horrek balore handia du sormena garatzeko orduan. Ez dute gauzak zuzen egiten saiatu beharrik, eurei berdin baitzaie nolakoa den gauza bat berez. Bakoitzak berea egiten du, bere moduan. Bideoan aipatzen da 6 urteko neska bat Jainkoa margotzen ari zela eta irakasleak, harrituta, honakoa esan ziola: “baina inork ez daki nolakoa den Jainkoa!” Eta neskak erantzun: “minutu batetan jakingo dute”.

Hori da sormenari emandako balorea eta segurtasuna. Egiten duzun hori ongi dago, edozein modutakoa izanda ere. Eta gainontzeko guztiei erakusteko gogoa duzu, ongi dagoen segurtasunarekin. Izan ere, hanka sartzeko prest ez dagoen pertsona inoiz ez da zerbait originala egitera ailegatuko. Eta umeek horretan sekulako potentziala dute.

Hezkuntza tradizionala eta bide alternatiboak

Hezkuntza tradizionalak “zuzentasuna” erakutsi die haurrei. Zer den ona, eta zer txarra. Zein de jarraitu beharreko bidea, eta zein ez. Jakintza mota bat transmititu zaie, bide bat markatuz. Horrek bide alternatiborik ez egotea eragin du eta umeek bide hori bakarrik jarraitzeko erabakia hartzea. Horren ondorioa zein den? Umeek hanka sartzeko aukerak galtzen dituzte eta horrekin batera sormena lantzeko bideak hartzeko aukera alde batera uzten dute.

Ez zaie esperimentatzen uzten. Ezin dute beren kasa sentitu eta sortu. Sentitzeko eta sortzeko modu bat dago, bide bat. Hortik ateratzen dena zigortu egiten da. Gaizki dago. Arriskatzeko beldurra sortzen diete umeei. Eskerrak hori egunetik egunera aldatzen ari den, baina hortxe dago, oraindik ere, hezkuntza sistemaren eta irakasleon erronka: umeak sormen gaitasunetatik abiatuta heztea, bakoitzak bere bidea egin dezan utziz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario