viernes, 19 de febrero de 2010

Atzera begirada

Oroitzapen autobiografikoak, bi munduren agerpena

Autobiografien inguruko ariketa egin dugu aste honetan. Umetako ikastola-garaiez oroitu behar izan dut eta ez da erraza izan. Buruari eragiten denbora dexente pasatu dut eta plastikaren inguruko gauza gutxi oroitzen ditudala konturatu naiz.

Hala ere, pare bat anekdotaz oroitu naiz eta nahiko adierazgarriak iruditu zaizkit, nolabait, bi mundu agertu zaizkidalako parez-pare.

Azalduko dut:

Alde batetik, gometsez oroitu naiz, umetako nire jolas kuttunenetakoaz. Bai eskolan bai etxean gometsak jartzea ikaragarri gustatzen zitzaidan. Eskolan forma eta kolore desberdinetakoak genituen eta plazera zen niretzat han eta hemen jarri eta kentzea. Jolas hutsa.Etxean berriz, Olentzerori gometsak jarri eta kentzeko ipuinak eskatzen nizkion. Marrazkien gainean itsatsi beharreko pegatinekin jolastea ere hagitz gustagarria zitzaidan.

Bertzetik, egun batean klasekide guztien artean egin genuen muralaz oroitu naiz. Tenperekin egin genuen. Bakoitzak nahi zuen kolorea hartu eta modu librean muralean bere zatia margotzen zuen, pintzelekin nahiz eskuekin. Guztiz librea zen. Hura bai zela gozamena! Inoiz baino gehiago disfrutatu nuen. Dena libre, araurik gabe eta agindurik gabe.

Eta zergatik oroitu naiz bi anekdota horietaz? Zergatik gometsez eta muralaz? Hemen datoz bi munduak.

Plastikaren bi aurpegi

Estitxu irakasleak egindako interpretaziaoren arabera, bi munduren isla dira gometsak eta murala: ezarritako bide bat jarraitzen ikasi behar dugun mundua, eta kreatibitatea lantzen ikasteko mundua.

Erabat ados nago bere hausnarketarekin. Izan ere, gometsak erabiltzen genituenean, bertzeak bertze, lerro zuzen bat markatzeko erabiltzen genituen. Orri txuri batean lerro bat zegoen eta gure helburua gomets guztiak bata bertzearen gibelean jartzea zen lerro zuzena osatu arte. Hortaz, helburua lerro zuzen bat egiten ikastea zen. Horretarako, zerbait kreatiboa erabiltzen genituen (gometsak) baina helburua ezarritako bide bat jarraitzea zen.

Muralak berriz, guztiz kontrako mundua erakusten du; askea, mugarik gabea, aurrez ezarritako pautarik gabekoa. Tenpera hartu eta guk nahi bezala margotzen genuen, sormenari bidea irekiz. Bakoitzak nahi zuena egiten zuen, barrenak eskatu bezala. Koloreak, formak, tamainak, erranahiak.. guzita zen librea.

Gometsak eta murala. Ezarritako bidea eta sormen-bidea. “Ikasi hau egiten” vs “nahi duzuna egin”. Plastikaren bi aurpegi eta bi funtzio. Sormena erabiltzeko bi modu.

Ezin bertzerik erran: autobiografiak sekulako garrantzia dauka ikasketa-prozesuan eta jakintza pedagogikoak ulertzeko lanean. Lan honek hori erakutsi dit.



Umetako oroitzapenak hona ekartzea ez da erraza izan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario