viernes, 12 de febrero de 2010

Ikasgaiaren lehenbiziko hausnarketa

Motibazioz eta ilusioz lehenbiziko pausuak


Lan-kontuak medio, modu berezian segituko dut ikasgai honen martxa. Ez dut beti eskoletara etortzerik izanen, eta bakarka eginen ditut irakasleak proposatutako lanak. Klaseetara ahal dudan guztietan etorriko naiz, beti ere errazago segitzen baita horrela plangintza, baina etortzerik ez dudanetan, etxetik eginen ditut lanak, entrega-datak errespetatuz.


Hori guztia adosteko, irakaslearekin solastatu nintzen ikasgaiaren lehenbiziko egunean. Turoretza-ordua probextuz, asignaturaren nondik-norako guztiak azaldu zizkidan, xehe-xehe.


Lehenbiziko inpresioa hagitz ona izan zen. Unibertsitateko ikasgaien alderik negatiboena, orokorrean, praktikotasunean dago, irakasle guttik ematen baitigute irakaskuntza mundu errealean aplikatu ahal izateko materiarik. Teoria aunitz bai, eta interesgarria maiz, baina erabilgarritasun guttikoa. Ikasgai hau aldiz, ez da apunte batzuk ikasi eta azterketa gaindituta pasatzen. Aunitzez eraginkorragoa den inpresioa eman dit, lehenbiziko begiratuan behintzat.


Kanpora ateraldi pare bat egiteko ideia dauka irakasleak; Koldo Mitxelenara eta Artelekura. Bartzelonako Unibertsitateko ikasleekin ere bideokonferentzia eginen omen dugu esperientziak elkartrukatzeko. Eta Haur Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin ere harremanduko gara, gure lanetan tutore-lanak bete ditzaten. Hori guztia hagitz aberasgarria iruditzen zait, elkarlanaren bidez dexente ikasten delako eta esperientziak elkartrukatzea balorazio pertsonal eta kritikoak egiteko modurik onenetakoa delako.


Hortaz gain, sare sozialen garrantzia nabarmenduko nuke eta klasean erabiltzeko proposamena modu onean baloratu. Izan ere, modu horretan momenturo izanen dugu elkarren berri eta ikasgaian bertze klasekideek egindako lanak segitzen ahalko ditugu. Erreminta ezin hobea iruditzen zait ikaskuntzarako.


Hortaz, a priori, hagitz motibatua hasiko dut ikasgaiaren ibilbidea. Espero dut bukaerara jarrera horrekin ailegatzea. Ikusiko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario