viernes, 12 de febrero de 2010

Zer gertatzen ari da?

Gogoeta irakasleen funtzioaz eta formazioaz

Fernando Hernández Univertsitat de Barcelonako irakasleak idatzitako artikulua oinarritzat hartuta, irakasleen funtzioaz, lanaz, rolaz eta formazioaz gogoeta ttiki bat egin dut.

Artikulu horrek hainbat puntu interesgarri aipatzen ditu. Atentzioa eman didan lehenbizikoa “debería” eta “tendrían que” esaerak abiapuntu hartuta (“egin beharko lukete”, alegia) autoreak irakasle-estilo zehatz bati egindako kritika izan da. Irakasle rol bati baino gehiago, hezkuntza-sistema bati zuzentzen dio kritika autoreak: “Nosotros los formadores somos propensos a hablar utilizando el imperativo: los profesoren deben hacer esto, tienen que hacer esto”, aipatzen du Fernando Hernándezek. Hasteko, gai horretaz solastatuko naiz.

Hezkuntza-sistemaren aldaketa: garapen pertsonala eta emozioak

Duela belaunaldi batzuk arte hezkuntza-sistema jakintzak transmititzean oinarritzen zen. Irakasleak bazekien eta ikasleek ez. Beraz, irakasleek ikasleei erakutsi egiten zieten. Ume bakoitzaren autonomia, garapen pertsonala, emozioak… ez ziren kontuan hartzen. Urteen joanean, aldaketa egon egon da, eta hagitz onuragarria gainera. Gaur egun umeekiko harremana –bai fisikoa, bai emozionala- hurbilagoa da. Baina nire ustez ez da nahikoa.
Uste dut hezitzaileon begirada aldatzea beharrezkoa dela eta umearen gaitasun eta konpetentzia indibidualei gehiago erreparatu behar diegula. Ume bat pertsona emozionala da eta horixe ulertzea da hezkuntza-lanerako oinarrietako bat. Eta noski, hori irakaslearen esku dago hein hagitz handi batean. Hori burutzeko berriz, irakasleen formazioak berebiziko garrantzia dauka.

Debería” edota “tendrían que” bezalako esaerek araua markatzen dute, eta modu horretan bide bat markatzen da. Bidea makatzeak alternatibarik ez egotea eta bidetik ezin ateratzea aurreikusten du”, nabarmentzen du Hernández irakasleak. Erabat ados nago horrekin, gaur egungo sisteman ez baita zilegi gauzak “egin behar dira” erratea. Nire ustez, emozioen bidetik, umeak “nahi izatea” da giltza, ez “behar izatea”.

Aukeraketaren eta erabakiaren giltza: “Tener que” eta “querer”

“Tengo que” erramoldeak obligazioa, inposaketa eta beharra adierazten ditu. Nahi izateak aldiz, aukera bat markatzen du, norberak libreki egindakoa. Hortaz, egiten ditugun ekintzen erantzule gara eta, ondorioz, egiten dugunak erabat betetzen ez bagaitu ere, atsegina eta plazera eman diezaguke. Ez da atseginik existitzen “tengo que” adierazpenetik abiatutako ezertan. Aukeraketa eta erabakitan ikaslea bera egiten da erantzule, bera da bere buruaren jabe, erabat bera da.
Beraz, zalantzarik gabe, goitik beherako irakaskuntza, “tengo que” adierazpenean oinarritutakoa, erabat lekuz kanpo dago nik irakasle rola ulertzeko dudan moduan. Aukera eta erabaki pertsonaletan sinesten dut, umearen beraren nahiak kontutan hartuta bere gustuen eta premien arabera sortutako sisteman. Artikuluaren idazleak, nolabait, honetara bideratutako ideia plazaratzen duela uste dut eta nik erabat ados nago.

Jakintzen transmisioa, kadukatutako sistema

Bertzetik, irakaslearen formazioa aipatzen duenean, honakoa dio artikuluaren egileak: “En la mayoría de los casos al profesor se le forma para que sea un buen “aplicador” de materiales y de pruebas, mientras que la industria escolar se frota las manos por los pingües beneficios que obtiene". Gaur egungo Irakasle Eskolen akatsik nabarmenetakoari egiten dio erreferentzia nire ustez. Unibertsitatean materia erakusten digute, hangoa eta hemengoa, honetaz eta hartaz, bertzerik gabe. Jakintza batzuk gure eskuragarri paratzen dituzte, guk, irakasle garen egunean, ikasleei aplikatu diezazkiegun. Baina non daude esperientzia pertsonalak? Non kasu pertsonalizatuak? Non umeen jarrera emozionalen ulermena? Jakintzen transmisioa kadukatutako sistema da. Gaur egun aunitzez haratago doa irakaslearen funtzioa.

Honekin loturik artikuluak aipatzen duen “generar saber pedagógico” zatiak atentzioa eman dit.

Esperientzia pertsonala, ezagupen iturri garrantzitsua

Honakoa dio Fernando Hernández irakasleak: “Hay grupos o seminarios que se han creado con la finalidad de generar saber pedagógico a partir de reflexionar e investigar desde el compartir prácticas en el aula y en la escuela”. Honek erran nahi du unibertsitateko irakasleek haurrekin izan dituzten esperientzia pertsonalak ezagupen iturri garrantzitsua direla eta bertze formazio mota batean laguntzen eskaintzen dutela, ideiak elkarbanatuz eta esperientziak elkartrukatuz. Honek ere garrantzia handia duela pentsatzen dut. Izan ere, sare sozialekin lotu daitekeen ikaskuntza-mota bat da eta esperientziak harremanetan oinarritzen direnez, guztiok ikasi dezakegu guztiongatik. Hori ere nabarmentzen du artikuluaren autoreak eta erabat ados nago berarekin.

Edozeinek ez du balio irakasle izateko

Bukatzeko, Finlandiako kasua ere aipatu nahi dut. Han guztiek ez dute balio. Edozein ez da gai irakasle izateko. Horixe defendatzen dute. Eta erabat ados nago. Gehiago oraindik: irakasleen formazioan elementurik garrantzitsuenetakoa dela uste dut. Ezin dute nahi duten guztiek irakasle izan. Ezaugarri minimo batzuk bete behar ditu irakasleak, medikuak edo arkitektuak bete behar dituen bezala. Hala ere, ez zaio bertze lanbide batzuetako profesionalei ematen zaien exigentzia-mailarik eskatzen unibertsitatean eta horrek eragin zuzena dauka umeen eskoletako heziketan.

Fernando Hernándezek garbi dio: “el argumento que se esgrime es: no se puede poner a nuestros hijos e hijas en manos de cualquiera” eta halaxe da. Finlandian sentsibilitate soziala, enpatia, komunikaziorako gaitasuna, gaitasun artistikoak, teknoogiak eta informazioa maneiatzeko ahalmena, etab. aipatzen dira. Eta garrantzia ikaragarria duela uste dut, gurean ez baitzaie elementu horiei behar adinako balorerik ematen eta hortxe dago egungo hezkuntza sistemaren porrotetako bat. Nik argi daukat: edozeinek ez du balio irakasle izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario