martes, 10 de mayo de 2011

PAPER-ZORROA

Joseba Olagarai da nire izena. Kazetaritzan lizentziatua, Haur Hezkuntza ikasten hasi nintzen duela hiru urte. Gustatzen zait hezkuntza-mundua eta gustuko ditut haurrak. Hezkuntza ez-formalean urte frankoz egin dut lan eta eskola-mundua barrenetik ezagutzeko, HH ikasten hasi nintzen.

Konturatu orduko pasatu zaizkit hiru urte. Fakultateko ikasketek ez naute erabat bete. Hala ere, lanerako formula dexente eta hausnarketarako pista franko jaso ditut.

Blog honetan Josemi Correaren ikasgaiko lanak bildu ditut. Talde-lanean aritu gara: Nerea Ugarte, Maier Irazusta, Iker Urkiola, Jexux Buldain, Ander Errasti eta ni, Joseba Olagarai. Hala ere, bakoitzak bere bloga egin dugu.

Jarraian ikasgaiaren laburpen gisako bat eginen dut.

Joan den martxoan hasi ginen. Hasiera ez zen erraza izan. Ikasgai "atipiko" samarra denez, martxa hartzea dexente kostatu zitzaigun.

Hasteko, hainbat ikastetxetako IKTen konparaketa egin genuen. Lan mardula izan zen. Praktiketan egon ginen ikastetxeetara bisita egin genuen (aunitz gustatu zitzaidan Langile Ikastolara bueltatzea!), informazio jaso, guztia elkartu, osatu eta lan txukuna osatu genuen. Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan, Legazpiko Domingo Agirren, Leitzako Erletan, Orioko Herri Ikastolan eta Hernaniko Langile Ikastolan burutu genuen lana. Eneritz Mitxelena oiartzuarrak gurekin parte hartu zuen lan honetan.

Bat eta huts.

Hurrengo lana manifestua egitea izan zen. Ikaragarri gozatu nuen lan honekin. Hiru ikasturte hauetan unibertsitatean irakatsi digutenarekin eta ikasi dugunarekin hausnarketa kritikoa egin genuen. Gauza aunitz ateri ziren. Ander Errasti eta Nerea Ugarterekin egin nuen lana. Primeran moldatu ginen. Aunitz ezagutzen dugu elkar eta hagitz gustura egin genuen lan. Lan mardula ta osatua sortu genuen. Irakaskuntzaz, irakasle idealaz, guk sinesten dugun heziketaz... hezkuntzarekin lotura duen edozeini interesatu dakiokeen lana egin genuen.

Bi eta huts.

Hurrengo lana: murala. Gozamena izan zen. Orion elkartu ginen taldekideak argazki-sesio bat egiteko. Sekulako argazki-estudioa prestatu genuen Beñat Solaberrieta klasekidearen laguntzaz. Irudi baten bidez egin genuen murala. Ideia aunitz adierazi genituen eta hormairudi originala egin genuen. Hagitz ongi pasatu genuen argazkiak ateratzen. Mozorrotu ginen, elkar margotu, irri egin... gozamen hutsa izan zen.

Lan hauek guztiak egiten ari ginen bitartean, Josemi Correa irakasleak jarraipena hurbiletik egin zigun eta tutoretzen bidez, bide onetik gindoazela ziurtatzen zigun. Aunitz animatzen gintuen eta bulkada garrantzitsuak ematen zizkigun antzinera segitzeko.

Ikasgaiaren azkeneko txanpan, klaseko aurkezpena prestatu genuen, ordura arte egindakoa hitzaldi motz batean laburbiltzeko asmoz. PREZI programaren bidez bideo-emanaldi berezia sortu genuen. Lan mardula eta txukuna. Nerea Ugarte izan zen klasekideen antzinean aurkezpena egiteaz arduratu zena eta hagitz ongi egin zuen. Zorionak! Ordezkari bikaina izan zinen!

Talde-lana eta giroa ezinhobeak zirenez, bideoarekin ez aski eta, abesti bat ere grabatu genuen. Pirritx eta Porrotxen "irrien lagunak" abesti ezagunaren bertsio bat eginez, "Ziski eta Diskiren lagunak" abestia eta bideoklipa asmatu genituen. Zoramen hutsa izan zen eta lan zoragarria.

Orain Lugaritz Kultur Aretoan dago erakusketa ikusgai. Animatu eta bisitatu!

Ikasgai honetatik gauza franko nabarmenduko nituzke. Alde batetik, talde-lanean hagitz gustura aritu garela. Ekipo ona osatu dugu eta erraz egin ditugu lanak. Gozamena izan da. Bertzalde, hausnarketarako aukera haundiak eskaini dizkigu eta aunitz gustatu zait, hiru urtez ikasi duguna laburbiltzeko modu ezinhobea izan baita. Irakaslearen rola hagitz ona izan da, ondoan egon da beti eta behar izan dugunetan aunitz lagundu digu.

Balorazioa, bikain.

No hay comentarios:

Publicar un comentario